Azkena Rock 2024

Ekainak 17 eta 18

The Hellacopters izango da Primal Screamen ordezkoa Azkena Rocken

N.V. L.Z. | EITB.EUS

The Hellacoptersen hasiera bateko taldekideek hartuko dute Primal Screamen lekua, hurrengo asteko ostiralean.

  • Hellacopters

    Hellacopters

The Hellacopters eta Danzig izango dira Azkena Rock Festival jaialdiaren ostiraleko kartelburuak, Primal Screamen zuzenekoa bertan behera geratu ondoren.

Aurretik ere aritu ziren Gasteizko musika jaialdi ezagunenean; 2003an, hain zuzen. Alabaina, orain, hasiera bateko taldekideekin itzuliko da Mendizabalara talde suediarra. Aurreikusitakoaren arabera, 20. urteurreneko "Supershitty to the Max" bira aitzakiatzat hartuta, aipatu diskoko abestiak aurkeztuko dituzte Gasteizen.

1994an sortu zen The Hellacopters eta 2008an banandu egin ziren. Abenduan, aitzitik, agertokietara itzuliko zirela iragarri zuten, Supershitty to the Max lanaren 20. urtemuga ospatze aldera.

Ildo horretan, gaur bertan emango dute itzulerako lehendabiziko kontzertua Sweden Rock Festivalen, eta datorren astean Azkena Rocken izango dira.

Sarrerak

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, larunbateko sarrera dutenek ostiraleko emanaldietara joateko aukera izango dute 35 euro gehiago ordainduta. Horretarako, sarrera erosi zuten lekura jo beharko dute.

Bestalde, Primal Screamen hutsunearen ondotik, Azkena Rockera joateko asmorik ez dutenek sarrera itzuli ahal izango dute, ekainaren 13tik aurrera.