Itxi

Bilboko Aste Nagusia

Abuztuaren 17tik 24ra

Bilboko txupinazoak zortzi eguneko jaiei eman die hasiera

Erredakzioa

Aste Nagusiari hasiera eman dion txupina bota du Itziar Urtasun Bilboko Jaietako zinegotziak. Jende andana bildu da Arriaga plazan Mariajaia hartzeko.

0:57
Txupinazoaren unea. Argazkia: eitb.com

Bilboko Aste Nagusia hasi da dagoeneko, larunbat honetan Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak txupina bota ostean. Azken egunotan hainbat batzar egin eta gero, eta Jone Artola Jone Artola txupineraren izendapena baliogabetuta geratu ostean, Urtasunek bota du azkenean txupina.

Aurretik, Iraia Iturregi Athleticeko kapitainak pregoia irakurri du. Iturregik Athleticekiko sentimendua eta Aste Nagusiarekiko zaletasuna uztartu ditu. Halaber, azken egunetan izandako polemika deitoratu du, "egun zailak" igaro dituelako. Ondoren, pregoilariak jantziak kendu ditu eta Jone Artola besarkatu du.

"Aski da. Segundu bakoitzeko jaiaz gozatu nahi dugu, arraza, sexua eta ideologia politikoa gorabehera", azpimarratu du jokalariak.

Pregoia irakurri ostean, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak txupina bota du. Jende andana bildu da Arriagako plazan Aste Nagusiaren hasieraz gozatzeko, beroa handia izan arren (30º-tatik gora).

Harrera ofiziala

Pregoia irakurri eta txupina bota aurretik, harrera ofiziala izan da Arriaga Antzokiaren barnean. Bilboko Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Jai-Batzordeko kideak izan dira bertan, tartean, Ibon Areso alkateordea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Juan Mari Aburtu Enplegu sailburua, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta alderdi guztietako zinegotziak.

Dantzari batek ohorezko aurreskua eskaini du eta, dantza amaitu ostean, dantzariak txapela eman dio Jone Artola txupinerari.

Halaber, ekitaldi horretan, Marivi Bilbao aktorea "Ohorezko Bilbotarra" izendatu dute eta, horren harira, Elvira Urkijo Mariviren alabak oroitzapenezko plaka jaso du.

Harrera amaitu eta gero, konpartsetako 20 bat kidek Jone Artolaren aldeko oihuak bota dituzte ("txupinera aurrera").

Jaiaz gozatu

Bestalde, "txupinaz gozatzeko eta aurtengo txupinerari eta pregoilariari babesa eskaintzeko" deia egin dute Bilboko konpartsek. Bilboko Konpartsak taldeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "abestiak dioen bezala, zapi urdina eta Marijaiaz gozatzeko unea da".

Hainbat bilera

Bilboko konpartsek eta jai-batzordeko gainerako kideek hainbat bilera egin dituzte azken bi egunetan txupinazoa nork botako zuen erabakitzeko. Batzarrak arrakastarik gabe amaitu ziren.

Hala ere, Itziar Villafañez eta Iker Malla Bilboko Konpartsetako ordezkariek akordioa gertu dagoela nabarmendu zuten gaurko bileraren amaieran. "Lanean jarraitzen dugu, gai honetan ardura dugulako. Akordioa lortzeko denbora dago eta esperantzaz beteta gaude. Akordioa gertu dago eta posible da", gaineratu zuten.

Azkenean, jaiak hasi baino ordu batzuk lehenago, zalantza argitu dute.