09:03

Bilboko Aste Nagusia

9 egun

Marijaiaren eskutik, hasi da Bilboko Aste Nagusia

T.S.J. | EITB.EUS

Gurutze Beitiak pregoia irakurri eta Oihana Pascual konpartsakideak txupina bota ondoren, 9 eguneko festari hasiera eman diote larunbat honetan bilbotarrek.

06:04
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Marijaiaren iritsierarekin, larunbat honetan hasi da Bilboko Aste Nagusia, eta datozen bederatzi egunetan festa nagusituko da Bilboko kaleetan.

Urtero bezala, Arriagako balkoian elkartu dira hainbat ordezkari politiko eta aurtengo protagonista nagusiak, hala nola, Gurutze Beitia pregoilaria eta Oihana Pascual Txomin Barulloko konpartsakidea eta txupinera. Biak oso hunkituta azaldu dira jasotako ohoreagatik, "munduko festa berezienak baitira".

Ohiko jantzia soinean, festarako deia egin du pregoilariak poesia eta errima baliatuta. Umorez betetako pregoia izan da berea eta, hasteko, zurrutero onaren fama bereganatua duela iradoki du; izan ere, ohorezko "txikitero", sagardoaren amandre eta Bizkaiko txakolinaren enbaxadore izan dute aurretik. Halaber, denetik jateko deia ere egin du, hala nola, txibiak edota karolinak beti ere, Bilboko uraz edota kalimotxoaz lagunduta. Ospe handiko Blas de Otero, Pinilla eta Unamuno bilbotarrez oroitu da eta, era berean, gogoan izan ditu berriki hil diren Alex Angulo eta Aitor Mazo aktoreak. Athleticen azken garaipenari ere aipamena egin dio eta "Bilbo bakarra da, magikoa da, horrelakoa da Bilbo" abestuz amaitu du.

Ondoren, Oihana Pascual txupinerak txupina bota du eta, berehala, Arriagako balkoian azaldu da Marijaia bilbotar guztien gozamenerako. Txupinazoaren ostean, Marijaiak txosnak ireki ditu.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea festak hasteko irrikaz eta oso hunkituta agertu da kazetarien aurrean. "Bilboko jaiak oso anitzak eta pluralak dira eta guztiek beren txokoa aurki dezakete", adierazi du. Bestalde, sexu-erasoen aurkako kanpaina berretsi du eta tolerantzia eta errespetua eskatu ditu.

Giroak asko lagundu ez badu ere, horrek ez du jaia lausotuko, bilbotarrek eta hirian bisitan dauden milaka turistek hilabeteak igaro dituztelako festa hauen zain.

Datozen bederatzi egunetan Jai-Batzordeak antolatutako egitaraua garatuko dute, 300 ekitaldi baino gehiago dira, musikaren, euskal folklorearen eta txikientzako ekitaldien artean. Tartean, Maldita Nerea, Los Secretos, Serafin Zubiri, Anne Echegoyen eta Los Suaves taldeak izango ditugu jaietan entzungai. Gainera, gauero, 22:00etan, su-artifizialen lehiaketaz gozatzeko aukera izango dute bilbotarrek.

Gainera, konpartsek ere, urtero bezala, euren jai-egitarau propioa prestatu dute. Aurtengoak 500 ekitalditik gora ditu, eta Areatzako zubiaren ondoan jarriko duten izotza-pista izango da aipagarriena. Pista hori astelehenetik ostegunera izango da zabalik.

Sexu-erasorik ez

Bestalde, Gasteizen eta Donostian egin duten bezala, Bilbon ere sexu-erasoen aurkako kanpaina aurkeztu du Udalak. Horren harira, Bilboko Udalak herritarrei eskatu die jaietan sexu-erasoekiko zero tolerantzia egon dadin inplika daitezela.

"Ez beti da ez. Tematzea jazartzea da. Jazartzea erasotzea da", horixe da Bilboko udalak martxan jarri duen kanpainarako hautatu duen leloa, Aste Nagusiko jaiak sexu-erasorik gabekoak eta berdintasunean eta errespetuan oinarritutakoak izan daitezen.

Zerbitzu berezia garraioetan

BIZKAIBUS

Bilboko Aste Nagusiaren harira, Bizkaibuseko bederatzi autobus-linek zerbitzua eskainiko dute 24 orduz. Gaua bitartean lanean arituko diren lineak honako hauek izango dira: A-3911 Bilbo-Durango; A-3917 Bilbo-Zeanuri; A-3923 Bilbo-Elorrio; A-3932 Galdakao-Metro Bolueta; A-3631  Bilbo-Galdakao-Larrabetzu; A-3336 Muskiz-Bilbo; A-3512  Bilbo-Lekeitio; A-3515 Bilbo-Bermeo; eta A-3517 Bilbo-Derio-Mungia-Bakio.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Bilbora joateko Renferen, Metroaren edo Euskotrenaren zerbitzua ez duten eskualdeetan aritzen dira aipatutako lineak.

EUSKOTREN

Bestalde, Euskotrenek ere zerbitzu berezia eskainiko du Bilboko festak direla eta. Ohiko lineekin batera (Txorierri -Bilbao-Lezama-, Urdaibai -Bilbao-Bermeo-, Durangaldea eta Debabarrena -Bilbao-Donostia/San Sebastián-), gaueko tren zerbitzu berezia abian jarriko du. Bilboko tranbiak ere zerbitzua eskainiko du gauez, "Aste Nagusira joateko herritarren beharrak asetzeko asmoz".

METRO BILBAO

Metro Bilbaok 24 orduko zerbitzua eskainiko du igande honetako 00:00etatik abuztuaren 30era bitartean. Metro Bilbaok ohar baten bidez jakinarazi duenez, 215 orduz jarraian arituko da metroa, guztira, 144.100 kilometro igarota, "Lurrari hiru buelta eta erdi emango bagenio bezala".

Trenen maiztasuna desberdina izango da egunean zehar, herritar kopuru handiagoa izango den uneetan, maiztasuna handiagoa ere izango baita.

RENFE

Bestalde, Renferen 100 bat trenek gaueko zerbitzua emango dute Enkarterrietan Aste Nagusian zehar. Gainera, Balmaseda eta Bilbo lotzen duten ohiko trenak ere izango dira, eta Bilbotik Karrantzarainoko gau-tren bat.

Jaiak direla-eta aurreikusitako tren bereziak ibilbidearen geltoki guztietan geldituko dira.

Jarraipen berezia ETBn eta eitb.eus-en

Bestalde, Bilboko Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo dute Euskal Telebistak eta eitb.eus-ek, abuztuaren 22tik 30era bitartean. Urtero legez, zuzenean eskainiko dira jaiei hasiera emango dien txupinazoa eta Marijaiaren harrera Bilboko Arriaga Antzokian, eta horrez gain, gaueko 'Bilboko Aste Nagusia 2015' saioak, su artifizialak eskainiko ditu egunero, zuzenean. Aste Nagusiari amaiera emango dion 'Agur Marijaia' ekitaldia ere eskainiko dute, abuztuaren 30ean.

Bestalde, datozen bi asteetan hainbat kirol hitzordu garrantzitsu emango dira Bilbon, eta toki nabarmena izango dute programazioa berezian. Besteak beste, Bizkaia pilotalekuan jokatuko den Aste Nagusia pilota torneoa, San Mamesen izango den Athletic-MSK Zilina Europa Leagueko partida, Palako Aste Nagusia Saria eta herri kirolen erakustaldia.

ETBko albistegiek ere gertutik jarraituko dute Bilboko Aste Nagusiaren barruan antolatuko diren ekitaldiak, eta 'Como en casa en ningún sitio' eta 'Sin Ir más lejos' magazinek ere ez dute egun hauetako jai-giroa galdu nahi izango. Bizkaiko hiriburuko jaien eduki guztiak eitb.eus-eko atari berezian egongo dira.

Iruzkinak