Gizartea -

Aste Nagusia

Bilbok 'inplikazioa' eskatu du sexu-erasoen aurrean

Udalak, konpartsak eta merkatariak berdintasunean oinarritutako jaien alde agertu dira, eta eraso matxistekiko ez dutela inolako tolerantziarik izango azaldu dute.

Erasoen aurka herritarren 'inplikazioa' eskatu du Bilboko Udalak

01:41

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak herritarrei eskatu die bihar hasiko diren jaietan sexu-erasoekiko zero tolerantzia egon dadin inplika daitezela.

"Ez beti da ez. Tematzea jazartzea da. Jazartzea erasotzea da", horixe da Bilboko udalak martxan jarri duen kanpainarako hautatu duen leloa, bihar hasiko diren Aste Nagusiko jaiak sexu-erasorik gabekoak eta berdintasunean eta errespetuan oinarritutakoak izan daitezen.

Aipatutako kanpainan konpartsek eta Bilboko merkatariek ere parte hartzen dute, eta gaur eman beraren berri Itziar Urtasunek, Bilboko Udaleko Berdintasuna, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaiak arloko zinegotziak.

Konpartsen ordezkari Itziar Madariagak inolako eraso matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu ditu, eta, ziurtatu duenez, jarrera eta eraso matxista guztiei erantzungo diete, eta emakumeentzako jaigune seguruak sortuko dituzte. Konpartsetako kideek inolako erasorik gabeko Aste Nagusia aldarrikatzen duten kartelak jarri dituzte jaien barrutian zehar.

Eraso baten aurrean, denuntziatu

Udalbatzako alderdi politiko desberdinetako ordezkariekin batera, Berdintasuneko zinegotziak elkartasunezko jarrera izatea eskatu die bizilagunei , eta hauxe gaineratu du: "Ez dugu axolagabe jokatu behar eraso baten aurrean, inpunitaterik ez, lagundu eta denuntziatu".

2007tik egiten duen legez, Bilboko Udalak aholkularitza- eta jarduera-protokolo bat jarriko du martxan sexu-erasorik egonez gero, esku-hartzen duten gizarte-eragile guztien artean zabalduko duena. Gauzak horrela, jaigunean kokatu dauden 880 saltokik eta ostalaritzako lokalek kanpainarekin bat egingo dute, eta aipatutako  jarduera-protokoloari babesa emango diote.

Horrez gain, kanpainaren barruan honako beste ekintza hauek ere gauzatuko dira: Bilboko tranbiak eta hiriko autobusek kanpainaren irudia erakutsiko dute euren karrozerietan; 14.000 txartel banatuko dira Udaltzaingoaren eta gizarte larrialdietarako tokiko zerbitzuaren zenbakiak jakinaraziz, eta ostalaritzako establezimenduetan aurtengo leloa idatzita izango duten 700.000 mahai-zapi egongo dira eskuragai.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilbo berriak Tratu txarrak Espainian