Gizartea -
Aste Nagusia 2015
Izotz-pista bat, konpartsen ekitaldien protagonista
Erripako kaian jarriko dute, Areatzako zubiaren ondoan, eta horrekin batera, Bilboko Konpartsek 500 ekimen baino gehiago antolatu dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Konpartsek "Bilbon abuztuan egoten den sargoriari aurre egingo diote", eta Aste Nagusian zehar izotz-pista bat jarriko dute horretarako. Horrekin batera, beste 500 ekimen baino gehiago antolatu dituzte aurtengo jaietarako. Horrela jakinarazi dute konpartsetako bozeramaileek gaur goizean egin duten prentsaurrekoan.
Izotz-pista Erripako kaian kokatuko dute, Areatzako zubiaren ondoan. Astelehenean, 13:00etatik 21:00ak arte egongo da zabalik; astearte, asteazken eta ostegunean, berriz, 11:00etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 21:00ak arte.
Horrez gain, izotz-pistak neguda denboraldiko moda-desfilea hartuko du asteazkenean, 20:30ean, "Bilboko dendarien lana babesteko eta aspalditik konpartsetatik haiekin batera dugun elkarlanari jarraipena emateko". Zazpikaleetako hainbat dendak utzitako jantziekin desfilatuko dute konpartsetako kideek bertan.
Bestalde, gastronomia-lehiaketek garrantzi berezia izaten jarraituko dute Bilboko Konpartsen egitarauan. "Bisitatzen gaituztenek gure kultura gastronomikoa ezagutzea nahi dugu", azpimarratu dute konpartsetako ordezkariek.
Jarduera-sorta osatzeko, goitibehera-lasterketa egongo da jaietako bigarren larunbatean, Zabalbide kalean, eta baita xake-txapelketa ere, Zuri Beltza klubaren eskutik, Azkuna Zentroan.
Beste alde batetik, aurtengo hiri krosa Areatzako tingladoetatik aterako da. Proba honen hemeretzigarren edizioa abuztuaren 28an egingo da, eta 17:00etan abiatuko dira lehenengoak; gaztetxoenak eta gurpildun aulkian dabiltzan atletak.
Bukatzeko, Bilboko Konpartsetako bozeramaileek "bederatzi egun zoro eta zoragarriak" gozatzeko deialdia egin dute, eta konpartsek eta hiriak ez dutela inongo erasorik onartuko ohartarazi dute.