Itxi

Donostiako Aste Nagusia

10etik 17ra arte

Hasi da Donostiako Aste Nagusia

Erredakzioa

Ohiko kanoikadak eta 'Artillero' kantak eman die hasiera jaiei. Festak zortzi egun iraungo ditu eta musika eta su artifizialak izango dira protagonista. Lehen aldiz, ez da zezenketarik izango.

1:38
Kanoikadarekin hasi da Donostiako Aste Nagusia. Argazkia: eitb.com

Donostiak Gasteizen lekukoa hartu du eta 2013ko jaietan murgildu da. Ohiko hasiera izan du Donostiako Aste Nagusiak: kanoikada eta 'Artillero' kanta ospetsua.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak jaietan parte hartzeko deia egin du. Halaber, herritarrek bultzatutako ekimenak "sendotu" direla azpimarratu du. "Aste Nagusia aste zoragarria da, gozatzeko modukoa", adierazi du alkateak.

Izagirrek azaldu duenez, "hainbat ekitaldi finkoak dira, su artifizialak eta musika emanaldiak, esaterako". Hala ere, "beste batzuk aldatu ditugu, hoberako gainera". "Hainbat elkartek, gaztek edo Donostiako Piratak elkarteak, adibidez, zenbait proposamen egin dituzte eta egitarauan barneratu egin ditugu", esan du alkateak.

Zezenketarik gabe

Udalbatzako kide guztiak kantuan eta dantzan aritu dira Udaletxeko terrazan jaietako boluntarioekin batera. Hain zuzen, Juan Karlos Izagirre alkateak harrera egin die boluntarioei, eta eskerrak eman dizkie egiten duten lanagatik.

"Zuek gabe ez litzateke Aste Nagusirik egongo, ezta hirian egiten diren gainontzeko jairik ere. Ohorea da zuekin lan egitea eta beti lanerako prest zaudetela jakitea", azpimarratu du alkateak.

Zezenketarik gabeko lehen Aste Nagusia izango da aurtengoa. Horrez gain, su artifizialen lehiaketak 50 urte betetzen ditu. Hori dela eta, aurreko edizioetako irabazleak gonbidatu dituzte.

Egitaraua

Aurtengo Su Artifizialen Nazioarteko Txapelketan, su etxe hauek parte hartuko dute: Zaragozana (Zaragoza), Luso (Portugal), Astondoa (Bizkaia), Pirofantasia (Valentzia), Ip Innovative (Alemania), Ricasa (Valentzia) eta Foti International Fireworks (Australia). Abuztuaren 17an, larunbatean, EUROPLA pirotekniaren (Valentzia) ikuskizunak emango dio amaiera txapelketari.

Kontzertuei dagokienez, Auryn, Julieta Venegas, Betagarri, Gatibu, Los Chikos del Maiz eta Habeas Corpus, Obrint Pas eta Fermín Muguruza izango dira Sagueseko agertokian.

Horrez gain, aste osoan umeentzako puzgarriak egongo dira, Okendo plazan (11:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 20:00etara). 17:00etatik aurrera, haurrentzako jokoak eta tailerrak ere izango dira.

Kontsulta ezazu egitarau osoa: Programa de Semana Grande 2013 (jatorrizkoa, gaztelaniaz).