15:52

Gasteizko jaiak

Jaiak

Zaindariarentzako loreak, Gasteizko jaietako egun handian

Erredakzioa

Sorayaren kontzertuaz eta su artifizialez gozatu ahal izango dute astearte gauean Arabako hiriburura gerturatzen direnak. Eguzkiak ere ez du festa galdu nahi izan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Gasteizek bere egun handia du gaur Andre Maria Zuriaren jaietan, Andre Maria Zuriaren omenez, eta blusen eta nesken koadrilak lehen orduan hasi zaizkio zaindariari lore sorta koloretsuak eskaintzen. Eguzkiak ere ez du festa galdu nahi izan eta eguna giro ederrean ari dira igarotzen Arabako hiriburuan.

Atzo Zeledonek izandako harrera jendetsuaren ostean, goiz esnatu da gaur Gasteiz, Egunsentiko Arrosarioarekin; milaka hiritarrek hartu dute parte bertan. Prozesioa amaituta, nesken eta blusen koadrilek (gaur bai, gaur jantzi tipikoak erabili dituzte) loreak jarri dituzte Andre Maria Zuria babesten duen horma-konkaren azpian, San Migel elizaren balkoian.

Musika eta dibertsioa

Zaindariari egindako bisita amaituta, musika eta dibertsioa nagusitu dira berriro. Koadrilek eta euren txarangek kaleak hartu dituzte, eta horrela jarraituko du hiriak, koadrilen esku, larunbatera arte, Zeledon berriro Zalduondora bueltatu arte.

Ausartenak bigez gozatu ahal izan dira zezen plazan, eta txikienak, beti bezala, behin eta berriz sartu eta irten dira Gargantuaren aho eta ipurditik. Gargantuak berak ere ez du huts egin, eta bere urteroko hitzordura ailegatu da.

Blusek eta neskek ikurriña omendu dute bazkaldu baino lehen. Bazkalostean, zezenketara joango dira, kalejiran, 17:00etatik aurrera. Zezen plazara heldu aurretik, hiriko erdialdearen kaleetan ibiliko dira, eta zenbait lagunek jarraituko dute blusen eta nesken ikuskizuna.

Gaurko zezenketan Sebastian Castiellak, Ivan Fandiñok eta Alejandro Talavantek hartuko dute parte. Zezenak Albarrealekoak izango dira.

Sorayaren kontzertua eta su artifizialak

Gauean, musikak hartuko du Gasteiz. Foru Plazan Sorayak dantzan jarriko ditu bertaratuko direnak. Eta, halaber, su artifizialak izango dituzte hizpide hiri osoan; 23:00etatik aurrera, barraketan, Galiziatik heldutako piroteknia batenak ikusteko aukera izango dute.

Eta asteazkenean, nola ez, jarraituko du jaiak. Larunbatera arte, atsedenik ez.

Iruzkinak