Gasteizko jaiak
Gasteizko jaiak
Sexu erasoak salatzeko telefonoa jarriko du jaietan Gasteizko Udalak
EITB.EUS
Indarkeria matxistan espezializatutako langileek 24 orduko arreta emango dute. Horrez gain, erasoei aurre egiteko argibideak izango dira txosnetan eta tabernetan.
-
Iazko jaien uneetako bat. Argazkia: Faustino Ramiro
Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan gerta litezkeen sexu erasoak salatzeko telefono zenbakia (945 13 44 44) jarriko du martxan aurten Udalak, sexu arazoen prebentzio eta esku-hartze kanpainaren baitan.
Luze jardun dute Gasteizen kanpaina berezi hau prestatzen, eta Udalak Mugimendu feministaren, Blusen eta Nesken Batzordearen, talde politikoen eta hiriko beste talde batzuen laguntza izan du berau prestatzeko.
Udaletxean eskainitako prentsaurreko batean, kanpainaren xehetasuna aurkeztu dute Jaione Aguirre Berdintasun zinegotziak eta Zuriñe Elordi Berdintasun Zerbitzuko buruak. Helburua da "aurtengo Gasteizko jaietan baldintza egokiak sortzea eraso matxistak prebenitzeko, biktimei arreta egokia emateko, eta erakundeen eta gizartearen erantzuna hobetzeko".
Aguirreren esanetan, "guztiok inplikatu behar dugu, eta indarkeria matxistari buruz sakon hausnartu, gure hirian, gure kale eta etxeetan jokabide matxistarik izan ez dadin, ez emakumeekin ez eta LGTBI taldeko pertsonekin ere. Izan ere, jaietan horrelako jarrerak areagotu egiten dira, alkoholaren edo dibertsioaren aitzakiaz 'denak balio' duelakoan. Ez dago aitzakiarik. Gasteizen ez dugu eraso matxistarik nahi. Gasteizen ez dugu giza eskubideak urratzen utziko, ezberdintasunean, diskriminazioan eta sumisioan oinarritzen baita".
24 orduko arreta
Abuztuaren 4tik 9ra, jaiek dirauten artean, indarkeria matxistan espezializatutako langileak izango dira 24 orduko arreta emateko. Horrez gain, telefono zenbaki bat (945 13 44 44) paratuko dute aurten biktimak artatzeko eta salaketak jasotzeko.
Zinegotziak nabarmendu duenez, Udaltzaingoak, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuetako langileek eta jaietan diharduten gainerako udal langileek "jarraibide argiak" dituzte biktimei arreta ematean eta eraso sexista baten aurrean nola jokatu behar duten jakiteko.
Horrez gain, informazio eta aholkularitza gune bat jarriko da, eraso eta abusu matxistarik antzemanez gero, zalantzak edo arazoak konpontzeko eta sostengu emateko. 12:30etik 14:00etara eta 19:00etatik 21:30era egongo da zabalik. Gainera, Ai laket! elkartearekin lankidetzan, berariaz emakumeei zuzenduta landu duten drogen erabilera eta kontsumo arduratsuari buruzko gida banatuko da. Ai laket! elkarteak informazio-leku bat jarriko du Gaztetxearen aurreko plazan, uztailaren 23an (00:00etatik 03:00etara). Abuztuaren 4tik aurrera doako testak egingo dira txosnen esparruan, 23:30etik 02:30era.
Txosnetan eta jaietan jende gehien ibiltzen den inguruetako tabernetan kartelak jarriko dituzte, eraso matxista zer den eta horien aurrean nola jokatu behar den jakinarazteko. Horrez gain, suziria jaurtitzen denetik eta jaiek irauten duten bitartean, ARICHen egoitzako fatxadan (Posta kalea) pankarta handi bat paratuko dute erasorik gabeko jaiak aldarrikatzeko.
Eraso matxista larririk gertatuz gero, Alkatetzak premiazko bilera batera deituko luke, eta protokolo bat abian jarriko litzateke: biktimari eta haren gertukoei behar duten zaintza eta laguntza eman, adierazpen bat zabaldu eta herritarrei —biktimak eta haren gertukoek eragozpenik ez badute— dei egin erasoari erantzun kolektiboa emateko, Gasteizko Plaza Berrian elkarretaratzea eginez.