Herriak eta Hiriak
Andre Maria Zuriaren jaiak
Bigantxak eta haurrentzako ikuskizunak Gasteizen, zezenketen ordez
EITB.EUS
Andre Maria Zuriaren jaietan zezenketak antolatzeko deialdia hutsik geratu zen, baina Udalak jaietan Iradier Arena zabaltzearen alde egin du.
-
Zezenak. Artxiboko argazkia: EiTB
Gasteizko Iradier Arena erabilera askotarako pabiloian, jarduera kultural eta ludiko ugari egongo dira Andre Maria Zuriaren jaietan: pilota, zirkua, haurrentzako ikuskizunak, bigantxak... Beraz, aurtengo jaietan zezenketarik egingo ez bada ere, Iradier Arena zabalik egongo da jaietan.
Ezkerreko taldeek animaliarik gabeko jarduerak egitea proposatu bazuten ere, Gasteizko udal gobernuak zezenketen ordez bigantxak eta bestelako ekitaldi batzuk programatzea erabaki du azkenean.
Estibaliz Canto Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, bigantxak jartzeko erabakia egokia da, baina animalien kontrako tratu txarrak zigortu egingo direla gaineratu du. Hala ere, ez du zehaztu zigorrik jarriz gero nolakoak izango diren.
Andre Maria Zuriaren jaietan, aurten lehen aldiz, ez da zezenketarik izango. Udalak jaietan zezenketak antolatzeko egin zuen deialdia hutsik geratu zen, eta beste deialdi bat ez egitea erabaki zuen. Enpresen esanetan, Udalak ezarritako baldintza berriak aintzat hartuta, ez zen errentagarria zezenketak antolatzea. Gorka Urtaran buru duen udal gobernuaren arabera, ordea, hirian zezenketatarako afiziorik ez egotea da benetako arazoa.
Cantoren hitzetan, "gure sailean Iradier zabalik mantentzeko eta jarduera ezberdinak programatzeko apustua egin genuen, eta lanean hasi ginen argi geneukalako zezenketak ez izateak ez ziela jaiei eragingo". Hori dela eta, Kultura zinegotziak berritasunak sartzearen alde egin du.
Jarduerak goizez (10:30etik 12:00etara) eta arratsaldez (18:00etatik 20:00etara) egingo dira, uztailaren 25ean eta abuztuaren 5 eta 6an, eta arratsaldez bakarrik, abuztuaren 7, 8 eta 9an.
Horiek guztiak ordainpekoak izango dira, eta 3 eta 7 euro bitartean ordaindu beharko da horietaz gozatzeko, jardueraren arabera. Udalak 30.000 euroko partida bat erabiliko du Iradier Arenako programazioa bideratzeko.