Itxi

Herriak eta Hiriak

Sexu-erasoa

Gizon bat espetxean sartu dute Tuteran, sexu-erasoa egotzita

Agentziak | Erredakzioa

Emakumea, biluzi, Antso Azkarraren plazan lurrean etzanda zegoen gizon bat gainetik kendu nahian; gizonak, berriz, frakak jaitsita, emakumeari sexu-erasoa egin nahi zion.

36 urteko gizon bat atxilotu dute ustez emakume bati sexu-erasoa egiteagatik Tuteran.

Lekukoen arabera, emakumea, biluzi bularretik behera, Antso Azkarraren plazan lurrean etzanda zegoen gizon bat gainetik kendu nahian; gizonak, berriz, frakak jaitsita zituen eta emakumeari sexu-erasoa egin nahi zion.

Ondoren, hainbat herritarrek gizonari errieta egin ostean, gizona jaiki eta frakak igo zituen; emakumea ere, jaiki egin zen eta gizonari irainak bota zizkion; ustezko erasotzaileak zaplaztekoa eman zion emakumeari eta atzera erori zen. Ondoren, gizonak ihes egin zuen, baina poliziak laster harrapatu zuen.

Emakumea, berriz, Sofia Erregina Ospitalera eraman zuten. Bertan azaldu zuenez, nahasmen egoera sentitzen zuen, antza, ustezko erasotzaileak sustantziaren bat bota baitzion haren edarian.

Ikerketa izapideak amaituta, atxilotua epailearen aurrera eraman dute, eta hark espetxean sartzeko agindua eman du.

_____________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.