Itxi

Herriak eta Hiriak

Erasoak saihesteko

Emakumeak geraleku artean jaitsi ahalko dira uztailaren 1etik aurrera Bilbobusen

E.G. | EITB.EUS

Bakarrik doazen emakumezko bidaiari guztiek edukiko dute erabilgarri aukera, 22:30etik 06:30era.

  • Bilbobuseko autobus bat, gaueko zerbitzua eskaintzen. ETB

    Bilbobuseko autobus bat, gaueko zerbitzua eskaintzen. ETBko bideo batetik hartutako irudia

Bilbobusek uztailaren 1ean jarriko du indarrean segurtasuna handitzeko eta eraso matxistei aurrea hartzeko neurria, eta emakumeek bi geralekuren artean jaisteko aukera izango dute. Bilboko autobus zerbitzuak gutuna bidali die gidari guztiei gogoraraziz neurria Bilboko Udalaren osoko bilkurak onartu zuela eta derrigorrez bete beharrekoa dela.

Bakarrik bidaiatzen duten emakume guztiek baliatu ahalko dute aukera, linea eta asteko egun guztietan, 22:30etik 06:30era.

Gidariei bidalitako aginduaren arabera, bidaiariak aurretik "denbora nahikoarekin" jakinarazi beharko dio gidariari non jaitsi nahi duen. Bertan geldituko da autobusa, "zirkulazioarentzat arriskutsua ez bada behintzat"; arriskutsua izanez gero, berriz, "ahalik eta hurbilen" gelditzen saiatuko da txoferra.

Emakumea autobuseko aurrealdeko atetik jaitsiko da, eta beste bidaiaririk ezingo da irten.

Horrez gain, gidariak erregistro batean jaso beharko ditu egindako geldialdi guztien lekua eta ordua.