Itxi

Herriak eta Hiriak

Sanferminak

Entzierro azkarra eta arriskutsua egin dute Miurako zezenek

Agentziak | Erredakzioa

Jaietako entzierrorik azkarrena izan da, izan ere, 2 minutu eta 12 segundo iraun du. Ez da korrikalari bat bera ere adarkadaz zauritu, baina zazpi ospitaleratu dituzte, traumatismoengatik.

2:13

Miurako Sevillako ganadutegiko zezenek entzierro arriskutsua eta azkarra egin dute, 2018ko sanferminetako entzierroei agur esanez. Jaietako azkarrena izan da, izan ere, 2 minutu eta 12 segundo iraun du. Medikuen lehen partearen arabera, ez da inor adarkadaz zauritu.

Oraingoz zazpi pertsona eraman dituzte Nafarroako Ospitalera, hainbat traumatismo eta ubeldurekin. Horietako bat sanferminetako zapitik heldu du zezen batek, eta zenbait metroz eraman du, Telefonicako zatitik zezen-plazara arte; bertan askatu egin da, oihala hautsi delako.

Gauean zehar egindako euriagatik lurra bustita zegoen, eta aurreko egunetan baino korrikalari gehiago izan dira, azken entzierroa larunbatean izanda. Miurako zezenek korrikalariei jaramonik ez egiteko ezaugarria dute, eta aurten ere hala izan da, ibilbidearen zati handi batean. Estafetako kurbara arte taldekatuta hasi dira, eta behin hesiaren kontra jota, banantzen joan dira.

8:00etan eta San Fermini kantatu ostean, zezenak batera irten dira Santo Domingotik, eta bat jarri da buru, beste bat gehitu zaio metro gutxira, eta beste batekin batera, taldeko liderrak izan dira.

Abiadura handian gainditu dute lehen zatia, modu berean zeharkatu dute udaletxeko plaza eta Mercaderesera zuzendu dira, bertan hainbat korrikalari erori dira, eta zezen-taldea gainetik pasatu da.

 

 

Estafetako kurbara iritsi da taldea, eta beste egun batzuetan ez bezala, hesiaren aurka jo du; zezen bat erori egin da, eta atzean gelditu da.

Beste animaliek taldekatuta jarraitu dute, eta tarte batzuk utzi dituzte haien artean zati horretan, beraz, korrikalariek adarretara gerturatu ahal izan dute.

Hala Telefonicara zuzendu dira, eta bertan entzierroko unerik arriskutsuenetariko bat gertatu da, izan ere, zezen batek korrikalarietako bat sanferminetako zapitik heldu du, eta hainbat metroz eraman du. Halere, ez du adarkatu.

Tarte horretan, gazte talde batek larri ikusi du bere burua, hesiaren eta hiru zezenen artean geratuta, azkenetako bat erori egin da, eta beste birekin tontor txiki bat egin du.

Taldea oso zatituta sartu da Iruñeko zezen-plazan, bi zezen buru izanda. Azken horiek bi minutu baino gutxiago behar izan dituzte plazara iristeko, eta buelta erdi bat eman dute zezentokira bideratu baino lehen. Gainerakoek jarraitu egin dituzte, bakoitzak bere aldetik, baina arazorik gabe.