Itxi

Herriak eta Hiriak

ANDRE MARIA ZURIAREN JAIAK

Zeledonek aterki morea erabiliko du aurten, eraso sexista eta matxistak gaitzesteko

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Gorka Urtiz de Urbinak Gasteizko alkatearen eskutik jaso ditu abuztuaren 4ko jaitsieran erabiliko dituen aterkia eta zahatoa. Jaien hasiera horri begira, zerbait morea janzteko deia egin du Udalak.

1:17

Gasteizen geroz eta gutxiago falta da Andre Maria Zuriaren jaiak hasteko, eta Gorka Ortiz de Urbinak (Zeledon) gaur jaso ditu abuztuaren 4ko jaitsieran erabiliko dituen aterkia eta zahatoa Gorka Urtaran alkatearen eskutik. "Ez dugu inolako eraso sexistarik edo indarkeria matxistarik onartuko", azpimarratu du Zeledonek gaurko ekitaldian.

Udalaren ekimenez, Zeledonek San Migel elizatik Andre Maria Zuriaren plazako beste ertzerainoko bidea euritako morearekin egingo du larunbatean, beltzarekin beharrean. Halaber, jaien hasierari begira, zerbait morea janzteko deia egin du Udalak.

Aterkia eta zahatoa jaso ostean, esperantzarako mezua bota du Zeledonek: "Gizarteak aldatu egin behar du, eta pixkanaka lortu dezakegu. Ez dugu inolako eraso sexistarik edo indarkeria matxistarik onartuko".

"Euritako morea hezteko modu bat da, arreta pixka bat emateko modua. Morez jantzitako plaza, eta Zeledonen euritakoa, zertxobait hausnartzen lagunduko digun ohartarazpena izango dira", azpimarratu du.

Bestalde, Gorka Urtaran alkateak oso positibotzat jo du Zeledonen beraren eta hiriko hainbat sektoreren inplikazioa, eta eskerrak eman dizkie sentsibilizatzeagatik eta  "berdintasunaren aldeko jarrera positibo eta irmoa izateko taldeko zein banakako konpromisoa hartzera eta Gasteizko jai espazioetan indarkeria matxistarik izan ez dadin" dei egiteagatik. .