Itxi

Herriak eta Hiriak

Bilboko jaiak 2018

Aste Nagusiaren 40. urteurrena ospatzen hasi dira milaka bilbotar

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zorion Egileor pregoilariak eta Saioa Dominguez txupinerak hasiera eman diete Bilboko festei, jendez gainezka izan den Arriaga plazan.

  • Festak eztanda egin du Bilbon. Argazkia: EiTB

    Festak eztanda egin du Bilbon. Argazkia: EiTB

Bilboko Aste Nagusiaren 40. edizioa abiatu dute bilbotarrek larunbat arratsalde honetan, Arriaga Antzokiko plazan txupina bota ostean. Marijaiari ongietorria emateko asmoz, milaka lagun bildu dira bertan. Zorion Egileor aktorea eta esataria, aurtengo pregoilaria, eta Saioa Dominguez Aixeberriko konpartseroa, aurtengo txupineroa, festaren buru izan dira, Arriaga Antzokiko balkoian, alegia.

Eguzkia lagun, jaia 19:00etan hasi da, eta aurretik Arriaga plazan bildutakoek irina eta arrautzak bota dituzte, Udalak eta konpartsak hori ez egiteko behin eta berriro eskatu arren.

Egileorrek eskainitako pregoian gogoratu duenez, Bilboko jaietarako eredu berrirako deia egin zuen duela 41 urte "Internet asmatu aurretiko sare sozialetik, irratitik, hain justu". "Jaiak ospatzeko beste modu bat nahi genuenak bildu ginen, eta herrietan egiten zena inportatu, jaia herrikoi eta parte-hartzaile bihurtuz".

Pregoilariak azpimarratu du Bilbok "nortasun plurala" duela, eta indarkeria matxistarekin amaitzeko eta pentsiodunen, baztertuen eta migratzaileen beharrei so egiteko "irudimena eta bizi-poza" aldarrikatu ditu.

Bestalde, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Aste Nagusiaren hasierak ekarri ditu gogora, eta esan du "munduko festarik onenak" direla. Gainera, herritarren parte-hartzea eskatu du sexu-erasorik jazo ez dezan.

Datorren igandera arte luzatuko diren aurtengo jaiek 400 ekitaldi baino gehiago eskaini dituzte, horietako esagurantsuenetarikoa izango da abuztuak 25ekoa, su artifizialek eta musikak osatutako emanaldi berezia eskainiko baitute.