Herriak eta Hiriak
Artisautza eta gastronomia
Erdi Aroko Azokak Gasteizko hirigune historikoa hartuko du irailaren 28tik 30era
Agentziak | Erredakzioa
Aurten jarduera gehiago izango dira; izan ere, antzinako 58 ogibide islatuko dituzte eta 34 antzerki konpainiek ikuskizuna emango dute, besteak beste.
-
Erdi Aroko Azoka. Argazkia: Gasteizko Udala
Erdi Aroko XVII. Azoka egingo dute irailaren 28tik 30era Gasteizen. Hirigune historikoan sakabanaturik artisau eta gastronomia 250 saltoki izango dira, eta 100 ikuskizun, tailer eta joko baino gehiago izango dira, batez ere umeei zuzenduak.
Nerea Melgosa Ekonomia Garapen Jasangarrirako zinegotziak azokaren nobedade nagusiak aurkeztu ditu gaur prentsaurrekoan. 10.000 apaingarri baino gehiago hiriburuko kaleak dotoretuko dituzte.
Ekitaldiak jende ugari erakartzen duela gogorarazi du Melgosak. Iaz 200.000 bisitari baino gehiago hurbildu ziren.
Horregatik, aurten jarduera gehiago izango dira; izan ere, antzinako 58 ogibide islatuko dituzte eta 34 antzerki konpainiek ikuskizuna emango dute, besteak beste.
Txikienentzako bi esparru
Azoka ostiral arratsaldean abiatuko da Aihotz plazan, pregoiaren irakurketarekin. Asteburuan zehar jarduerak izango dira, umeentzako bi esparrutan: Erdi Aroko herrixka Burullerias plazan tailer ezberdinekin, eta beste herrixka “magiko” bat Frai Zacarias Martinez kalearen atzealdean, txotxongilo, ipuin eta jolasekin.
Gainera, txapelketak errepikatuko dira eta Erdi Aroko zaldunek akzio ikuskizun bat emango dute. Herrixka setiatuko duen orko armada bati aurre egingo diote zaldunek. Zirku, dantza eta akrobazientzako zona bat egongo da Santa Maria plazan.
Lau metroko garaiera duen ate handi bat jarriko dute hirigune historikoan, azokaren sarreran.