Itxi

Herriak eta Hiriak

Bilbo

Zirkulazio aldaketak 'Santurtzitik Bilbora' lasterketa dela eta

EiTB.EUS

Ibilgailuek itxita izango dute Olabeaga kaia, eta Fray Juan kaleko (Zorrotza) galtzadaren zati bat okupatuko dute, Burtzeñako plaza eta Clara Campoamor kalearen artean.

  • Santurtzitik Bilbora lasterketa, 2013an. Argazkia: Gonzalo Elorza

    Santurtzitik Bilbora lasterketa, 2013an. Argazkia: Gonzalo Elorza

Urtero legez, Santurtzitik Bilbora nazioarteko lasterketak Ezkerraldeko herrien eta Bizkaiko hiriburuaren arteko bidea egingo du igande honetan. Aurten ibilbidea aldatu behar izan dute, A25eko manifestazioa eta Athletic-Getafe partida direla eta. Bilboko trafikoan eragin txikia izango da, eta Zorrotza eta Olabeaga auzoetara mugatuko da.

Bilboko Udalak ohar bidez azaldu duenez, 11:30etik 13:15era, gutxi gorabehera, ibilgailuen zirkulaziorako itxiko dute Olabeaga kaia, Zirgariak kaiaren eta Trokabidea kalearen artean. Auzora sartu nahi dutenek Olabeagako aldapatik joan beharko dute. Irten nahi dutenek, aldiz, San Nikolas kaletik (handik, Olabeaga kaira, eta Jesusen Bihotza plazara, gero).

Horrez gain, bertan behera geratuko dira Bilbobusen A3 lineako honako geralekuak: Zirgarien kaiko 3.a eta Olabeagako kaiko 30 eta 22A. Gainera, bidegorria okupatuko dute lasterkariak pasatzen diren bitartean.

Bestalde, 11:30 eta 12:40 bitartean, galtzada zati bat okupatuko dute Fray Juan kalean, Burtzeñako plaza eta Clara Campoamor kalearen artean. Udaltzainek bideratuko dute zirkulazioa.