Gizartea -

Azaroak 25

Indarkeria matxistaren kontrako aldarria entzungo da gaur Euskal Herrian

Euskal hiriburuek protesta ekintzak hartuko dituzte, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Euskal Herriko Mugimendu Feministak hainbat manifestazio deitu ditu iganderako.

Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek egingo dute protesta Euskal Herrian, azaroaren 25ean, emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko. Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, euskal hiriburuetan manifestazioak deitu ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak iganderako.

"Justizia Patriarkalaren Gainetik, Saretze Feminista" lelopean, besteak beste, Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Baionan antolatu dituzte manifestazioak.

Bizkaiko hiriburukoari dagokionez, Bihotz Sakratuaren Plazatik aterako da 12:00ak jota, baina aurretik, 10:30ean, elkarretaratzea egingo dute epaitegien aurrean.

Donostian, berriz, 12:30ean irtengo dira manifestariak Boulevardetik, eta epaitegietako protesta 11:00etan egingo dute.

Gasteizen 13:00etarako deitu dute manifestazioa, nahiz eta aurretik epaitegietan bilduko diren, 11:00ak aldera.

Iruñean ere kalera aterako dira feministak Gaztelu Plazatik hasita. 12:00etatik aurrera egingo dute, hain zuzen, indarkeriaren aurkako aldarria. Gainerako hiriburuetan bezala (Bilbon izan ezik), 11:00etan bisitatuko dituzte epaitegiak.

Azkenik, 12:00etan jantziko da morez Baiona, alegia, manifestazioa Herriko Etxe Aintzineanetik irteten denean.

Euskal Mugimendu Feministak bitarteko gehiago eta isilune gutxiago eskatu ditu

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren ordezkariek esan dute "nekatuta eta nazkatuta" daudela indarkeria matxistarekin. Horri aurre egiteko, "bitarteko gehiago eta isilune gutxiago" behar direla aldarrikatu dute. Gainera, azpimarratu dute erakunde politikoen, legegileen eta judizialen "zeharkako lanak" arazo hori konpontzen lagun dezakeela.

Jaurlaritzak herritar guztien konpromisoa eskatu du genero indarkeriari aurre egiteko

Azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da eta, arrazoi horregatik, Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala onartu du astearte honetan. Hala, genero indarkeriaren aurrean, “berdintasunean oinarritutako neurri gehiago” bultzatzeko prest agertu da.

Genero indarkeriaren biktima diren 4.565 emakumek Ertzaintzaren babesa jasotzen dute

Gaur egun, genero indarkeriaren biktima diren 4.565 emakumek Ertzaintzaren babes neurriren bat dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez.

Horietatik 66 emakumeri eskolta esleitu diete eta 732k Bortxa telefonoa daukate.

__________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Indarkeria matxista Baiona Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Manifestazioak Matxismoa Feminismoa