Itxi

Herriak eta Hiriak

Urtarrilaren 18tik aurrera

8.249 umek parte hartuko dute Donostiako Haur Danborradan

EiTB.EUS

Anne Vicente de la Fuente izango da 2019ko Danbor Nagusia. Jenerala eta Laguntzailea, berriz, Aieteko Jesuitinas ikastetxeko bi ikasle izango dira: Telmo Ramos Montero eta Maite Azurza Lizeaga.

2019ko San Sebastian eguna dela eta, Haur Danborrada aurkeztu dute ostiral honetan, Donostiako udaletxean. Goizean emandako prentsaurrekoan, Eneko Goia alkateak, Alfonso Gurpegui Festa Jardueretako zinegotziak, Anne Vicente de la Fuente Danbor Nagusiak eta Haur Danborradaren ordezkariek parte hartu dute.

Bertan iragarri dutenez, aurten 8.249 umek (iaz baino 203 gehiago) desfilatuko dute Donostiako kaleetatik.

Alfonso Gurpegui Festetako zinegotziak esan duenez, “Haur Danborradan parte hartzeko ilusioa handitu egiten da urtetik urtera. Hala erakutsiko dute, aurten, urtarrilaren 18tik 20ra hiriko desfileetan parte hartuko duten neska-mutilek”.

Iaz, Alkatesa pertsonaia berria aurkeztu zuten, eta aurten Notarioa ere izango dute lagun.

“Sukaldariaren figura gero eta indar gehiago hartzen ari da. Adibidez, Ikasbide Ikastolak hamabi sukaldari izango ditu aurten, lehenengoz”, esan du Gurpeguik.

Esan bezala, Anne Vicente de la Fuente izango da 2019ko Danbor Nagusia. Jenerala eta Laguntzailea, berriz, Aieteko Jesuitinas ikastetxeko bi ikasle izango dira: Telmo Ramos Montero eta Maite Azurza Lizeaga, hurrenez hurren.

Ikastetxe horretakoak dira, baita ere, karrozako pertsonaiak: Akatesa, Notarioa, Easo Ederra eta bi damak, bi batelari, bi inude, artzain bat, herritar bat, irule bat, urketari bat, mandazain bat eta sei zaldizain.

Haur Danborradaren lehen ekitaldia konpainien eta pertsonaien aurkezpena izango da: urtarrilaren 18an, 12:00etan, Victoria Eugenia antzokian.