Herriak eta Hiriak
Artzain Eguna
Aizpea Oihaneder sukaldariak moztuko du Idiazabal gazta gaztea Ordizian
agentziak | erredakzioa
Ekitaldi garrantzitsuenak apirilaren 24ean, asteazkenean, 11:00etatik aurrera izango dira: bi mila ardik igaroko dute herrigunea, eta ondoren gazta berria moztuko dute.
-
Ardiak Ordiziako erdigunean. Argazkia: EiTB
Artzain Eguna ospatuko dute Ordizian (Gipuzkoa), apirilaren 24an, 2019ko azoka berezien egutegiari hasiera emanez, eta, besteak beste, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egingo dute, Aizpea Oihaneder Donostiako Xarma Cook & Culture jatetxeko sukaldariaren eskutik.
Egun horretarako prestatu den egitarauaren aurkezpenean azaldu dutenez, Oihanederrek gazta gaztea moztuko du goizeko 11:15ean, Ordiziako udaletxeko batzar aretoan. Aldez aurretik, Jakitea betiko sukaldaritzaren alde egiten duten sukaldarien elkarteari omenaldia egingo zaio, Idiazabal Gaztaren zabalkundean egindako lanagatik. Halaber, gaztaren erregulartasun kalitate sariak banatuko zaizkie Ordiziako Joseba Insausti artzainari eta Idiazabalgo Goiburu gaztandegiari ere.
Gainera, Garagartza plazan, latxa arrazako 50 bat artzainen aharien erakusketa lehiaketa eta salmenta egingo da; 200 abelburu inguru izango dira ikusgai. Bi motako animaliak izango dira erakusketan: latxa mutur gorriak eta latxa mutur beltzak. Mutur gorrien kasuan, Aralar, Ernio, Izarraitz, Gabiria, Azpeitia edo Donostialdeko animaliak izango dira ikusgai, eta mutur beltzen artean, Urbia, Elgoibar, Legazpi, Ordizia, Zerain eta Oñati ingurukoak.
11:00ak aldera, garai batean artaldeak negua bukatzen zenean mendira joateko herri barrutik igarotzen ziren bezala, 2.000 ardi baino gehiago ibiliko dira Ordiziako alde zaharrean barrena. Modu horretan, antzinatik egin izan den eta denbora berriek zailtzen duten menditik haranerako eta alderantzizko desplazamendua gogoratu nahi da.