Itxi

Herriak eta Hiriak

2019ko sanferminak

Txupinazoa botatzeko hautagaiak aukeratzeko prozesua, abian

EITB.EUS

Gaurtik hasita eta maiatzaren 18ra, Sanferminetako Mahaiaren kideek proposamenak aurkeztu eta bost finalistak aukeratuko dituzte. Iruindarrek aukeratuko dute txupinazoa nork jaurtiko duen.

  • 2018ko txupinazoa

    Iazko txupinazoaren irudi bat. Argazkia: EFE

San Fermin jaietarako gutxiago falta den seinale, gaur bertan hasiko dira Iruñean 2019ko txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak aukeratzeko prozesua. Gaurtik maiatzaren 18ra, Sanferminetako Mahai Orokorra osatzen duten elkarte eta taldeek euren proposamenak aurkeztuko dituzte. Proposatutakoak bost baino gehiago badira, Mahaiak bost aukeratuko ditu, eta herritarrek hautatutako dute horien artean, irabazlea. Ekainaren 11n jakinaraziko dute txupinazoa jaurtiko duen elkartearen edo pertsonaren izena.

2016tik, iruindarrek aukeratzen dute txupinazoa botatzeko ardura eta ohorea edukiko duen pertsona. Hala, duela hiru urte 'El Tuli'k jaurti zuen; 2017an, DYAk; eta 2018an, Motxila 21 taldeak. Iruñeko Udalaren asmoa da "herritarren eta elkarteen inplikazioa handitzea erabakiak hartzeko orduan".

Proposamenak, maiatzaren 18ra arte

Sanferminetako Mahai Orokorrean ordezkaritza duten taldeek hautagai bakarra (pertsona fisiko edo juridikoa) proposatu ahalko dute, Iruñeko hiriari egindako ekarpen aipatuz. Aurreko urteetako hautagaitza berdinak aurkez daitezke, baina ez 2018koak.

Hautagaitzok batzorde tekniko batek aztertuko ditu, eskatzen diren baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko. Bost proposamen baino gehiago badaude, Mahaiak bost finalistak aukeratuko ditu bozketa bidez, maiatzaren 22an. Bost hautagaitza baino gutxiago badaude, berriz, publiko egingo dira zuzenean.

Herri bozketa, maiatzaren 28tik ekainaren 10era

Iruñean bizi diren 16 urte gorakoek maiatzaren 28tik ekainaren 10era izango dute euren hautagairik gogoenaren alde egiteko. Presentzialki (Civivoxetan hautetsontziak jarriko dituzte), telefono bidez (010 zenbakira deituta) edo Iruñeko Udalaren webgunean bozkatu ahalko dute. Emaitza ekainaren 11n egingo dute publiko. ¿