Itxi

Herriak eta Hiriak

Ekainaren 8tik aurrera

Bizkaiko hondartzetara joateko zerbitzu bereziak martxan jarri ditu Bizkaibusek

eitb.eus

La Arena hondartzara doan A3339 linea ekainaren 1etik aurrera egongo da martxan. Beste zerbitzu bereziak hurrengo larunbatean, ekainaren 8an, hasiko dira.

  • La Arena hondartza.

    La Arena hondartza. Argazkia: Jabi Sarriugarte.

Bizkaiko hondartzetara iristen diren lineak indartuko ditu udan Bizkaibusek, ordutegiak zabalduz, ibilbideak aldatuz baita udarako linea bat abian jarrita ere. Zerbitzu berezi horiek urte osoan zehar kostaldeko herrietara joateko ohiko zerbitzuei gehituko zaizkie.

Miguel Angel Gomez Viar Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatuak esan duenez, bi arrazoi daude hondartzak "Bizkaibusek ematen duen zerbitzuan destinorik garrantzitsuenetakoa" izateko. Batetik, udan bertan dagoen "pertsonen bolumena oso handia delako", eta bestetik, "kasu askotan toki horietara iristeko garraio publiko bakarra Bizkaibus delako".

"Horregatik egiten dugu ahalegin hau, hala bitarteko teknikoetan nola giza baliabideetan, Bizkaiko kostaldean jenderik gehien erakartzen duten hondartzetara iristeko lekualdaketa garraio publikoan egiteko aukera egon dadin", azaldu du Gomez Viarrek.

Zerbitzu berezi gehienak ekainaren 8tik aurrera, larunbata, hasiko dira. Barakaldo eta La Arena hondartza lotzen dituen A3339 linea astebete lehenago, ekainaren 1ean, larunbata, egongo da martxan.

Bizkaibusek indartutako zerbitzua duten hondartzak hurrengoak dira: La Arena (Muskiz eta Zierbena), Gorrondatxe eta Areeta (Getxo), Plentzia, Gorliz, Bakio, Artizatxu (Bermeo) eta Laida eta Laga (Ibarrangelu).

Honakoak dira Bizkaibusek abian jarriko dituen zerbitzu bereziak; gehienetan, maiztasuna hobetuz:

La Arena hondartzara (Muskiz eta Zierbena):

- A3321 Portugalete–Zierbena–La Arena–Muskiz (ordu erdiro)
- A3335 Muskiz–Zierbena–Sestao (ordu erdiro)
- A3336 Bilbo–Muskiz (Ortuella)
- A3338 La Arena–Muskiz–Barakaldo–Areeta/Las Arenas
- A3339 Gurutzeta/Cruces–Barakaldo–La Arena

A3336 eta A3338 lineek beste geltoki bat izango dute La Arena hondartzaren bukaeran.

Bakio eta Aritzatxu (Bermeo) hondartzetara:

- A3517 Bilbo–Derio–Mungia–Bakio (Bolatokitik).
- A3518 Bilbo–Mungia–Bakio (Autobidez) (ordu erdiro)
- A3524 Bermeo–Bakio

Gorrondatxe edo Azkorri eta Areeta hondartzetara (Getxo):

- A3411 Bilbo–Getxo (ordu erdiro)

Plentzia eta Gorliz hondartzetara:

A3537 Plentzia–Gorliz–Mungia (ordu erdiro asteburuetan)

Laida eta Laga hondartzetara (Ibarrangelu):

A3526 Mungia–Gernika–Ibarrangelu (zuzeneko zerbitzua, ordu erdiro)