Itxi

Herriak eta Hiriak

BILBOKO JAIAK

Aste Nagusiko Txikiguneak espazio handiagoa izango du Casilda Iturrizar parkean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Denetariko jarduerak eta rock kontzertu bat egingo dituzte familientzat.

  • Antzezlan bat Bilboko Aste Nagusiko Txikigunean.

    Antzezlan bat Bilboko Aste Nagusiko Txikigunean. Argazkia: Bilboko Udala.

Bilboko Udalak ahateen urmaela dagoen gunera zabalduko du Aste Nagusiko Txikigunea. Umeentzako parke horretan, 0 eta 12 urte bitarteko neska eta mutilentzako hainbat ekitaldi ludiko-pedagogiko eskainiko dituzte, abuztuaren 18tik 25era, 10:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara.

Bestalde, Gasaren plazan egiten ziren haurrentzako eta familientzako kale-antzerkiak Casilda Iturrizar parkeko pergolan egingo dira. Arratsaldero, 19:30ean hasita, besteak beste magia, ipuin-kontalariak, antzerkia, musika eta akrobaziak euskaraz egingo dituzte.

Udalak jasotako datuen arabera, 2018an, 140.000 haurrek hartu zuten parte parke horretako jardueretan. Aurtengo edizioan, ekitaldi gehiago eskainiko dituzte, 30 eremutan.

Ekintzetan hainbat balio barneratuko dituzte. Adibidez, elkartasuna, aniztasuna, berdintasuna, iraunkortasuna, sormena eta identitatea. Gainera, Bilboko Udalaren asmoa familiek aisialdian ondo pasatzea eta jolasetan parte hartzea da.

“Rockin Bizi Family Sessions”

Rockin Bizi Band taldearen eskutik, helduek euren talde gustukoenetako abestiak entzungo dituzte; txikienek, aldiz, gurasoek entzuten duten musika ezagutuko dute. Gainera, Nerea Aliasek rock musikaren historia eta istorioak kontatuko ditu.

Kontzertua abuztuaren 22an izango da, 17:30ean, pergolako agertokian.

Txu txu trena

Udaletxearen albotik aterata, Casilda Iturrizar parkeko geralekuraino (Kale Nagusia, 60) doako garraio-zerbitzua izango da.

Tren ordutegia 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara da. Trenak haur-kotxeak eramateko egokituta daude, eta arrapala ere badaukate, mugikortasun urriko pertsonak zuzenean igo ahal izateko.

Doako 10.000 eskumutur

Txikigunean segurtasuna eta lasaitasuna bermatzeko, Bilboko Udalak 10.000 eskumutur jarriko ditu familien eskura parke horretako informazio-gunean.

Doakoak izango dira eta umeen identifikazioa ahalbidetuko dute, hau da, umeren bat galduz gero, arduradunak nortzuk diren eta aurkitzen lagunduko dute.

Lau gune

- MAITEZITU GUNEA (0-5 urte) Zabuen gunean (Teofilo Guiard plaza): ludoteka, ludobaby, edoskitze-gunea eta puzgarriak.

- POZAKTIBATU (5-12 urte) kirol kantxetan (Jose Anselmo Clave - Dario de Regoyos Pasalekua): ur-jarduerak, ur-ontziak, ur-tankeak eta Gargantua.

- BILZIKLATU (4-12 urte) parkeko iturri zibernetikoaren ondoan: iraunkortasunari eta birziklapenari buruzko ekintzak, arrantza, sormen ludoteka eta irakurtzeko gunea.

- ELKARANIZTU (5-12 urte) ahateen urmaelean: ile-apaindegia eta aurpegia makillatzeko tailerra neskato-mutikoentzat, mozorroak, Txikiguneko irratia, atseden-lekua eta Marijaia Txikia.