Amarauna
Botiloiak
Isuna dirutan ordaindu beharrean, lan sozialak egiteko aukera
Unai Urreaga | EITb Media
Horixe da pandemia garaian isuna jarri dieten gazte bat baino gehiagoren gurasoek eskatu dutena. Herri batzuetako udal ordenantzek ematen dute trukea egiteko aukera, baina beste batzuetan ezin da.
-
Kale-zurrutak eragindako zikinkeria garbitzen talde bat
23:15 min
Pandemia garaian ugaritu egin dira botiloiak, nahiz eta legez debekatuta dauden. Eta asko izan dira isuna jaso duten gazteak. Isun ekonomikoak.
Baina gazte askok ez dute 200 edo 360 euroko isunak ordaintzeko dirurik eta azkenean haien gurasoek egin behar izan diote aurre isunari.
Kontua da, hainbat gurasok zigorra dirutan ordaindu beharrean, trukean lan sozialak egiteko aukera eskatu dutela. Mungian adibidez. Baina hango Udalak gaur-gaurkoz ez dauka hori ahalbidetzen duen udal ordenantzarik. Udaletik esan digute "zibismoaren" inguruko ordenantza zabalago bat prestatzen ari direla, eta haren barruan bai, tankera horretako trukeak egiteko aukera eskainiko duen puntu bat jasotzea aurreikusia dagoela.
Beste zenbait herritan aldiz, zigorra ordeztea posible da. Balmaseda da horren adibide. Ander Rivero zinegotziak eman dizkigu argibideak. Bospasei gaztek egin dute jada eskaria eta 200 euroko isuna ordaintzearen ordez, zein lan eginarazi erabakiko du orain Udalak.
Gai honen inguruan Arantxa Urretabizkaia eta Onintza Enbeitaren iritzia ere bildu dugu.