Itxi

Faktoria

Eduardo Zubiaurre

"Txertaketa derrigortzeko neurriak hartzea komenigarria litzateke"

Jone Larrañaga | EiTB Media

Pandemia egoeratik ahalik eta azkarren irteteko "eskubide indibidual hori murriztu edo mugatzea" aztertu beharko litzatekela dio Confebaskeko presidenteak.

  • Eduardo Zubiaurre

    Eduardo Zubiaurre

    23:53 min
imagen player
imagen player
imagen player

Txertaketaren derrigortasuna ezartzeko neurriak hartzea "komenigarria" litzatekeela adierazi du Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan eskainitako elkarrizketan. "Bizitza sozialean bai, lan arloan, betebeharreko neurri asko ditugu eta hemen gizarte osoaren eskubidea dago, bizitzak salbatzearen erronka dago. Eta horren aurretik kontutan har liteke hainbat eskubide indibidual murriztea edo zerbait mugatzea", iritzi dio:  "Neurri betearazle batzuk hartu beharko lirateke dena ondo joan dadin eta pandemia honetatik gizarte bezala ahal denik eta azkarren atera gaitezen". Ildo horretan, egoki iritzi dio txertaketari abiadura ezartzeko, erakunde publikoak enpresetako mediku zerbitzu eta mutuekin elkarlanean aritu daitezen.

"Hornikuntza kateak hurbildu, sendotu edo gutxienez seguruago bihurtu behar dira"

Euskadiko patronalaren buruak berretsi egin du Jaurlaritzak aurre ikuspen ekonomikoari buruz egindako zuzenketa eta susperraldia, gutxixenez, urte honetako bigarren erdira atzeratuko dela zehaztu du. Iritzi dio, krisi honetatik irteteko, ikasi egin beharko dela aurreko hilabeteetan gertatutakoaz eta, esate baterako, hornikuntzari lotuta agerian geratu diren ahuldadeak zuzendu egin beharko direla: "Hornikuntza kateak hurbildu, sendotu edo gutxienez seguruago bihurtu behar dira".

Euskaltel: "Espero dugu erronkei aurre egiteko gaituago eta prestuago egotea enpresa indartsu honen eskutik"

Zubiaurreren arabera, erronka berriei aurre egiteko enpresa sendoak beharko dira eta, testuinguru horretan,  berri "ontzat" hartu du Masmovilek Euskaltelen gainean egin duen erosketa eskaintza: "Denok espero dugu onerako izan dadila. Herri honetako gaitasun teknologikoa, enpresariala... horiek ere indartzea eta errotzea. Denok , gizarte bezala, enpresa bezala, ekonomia bezala izango ditugun erronkei aurre egiteko gaituago eta prestuago egotea enpresa indartsu honen eskutik".