Itxi

Faktoria

KORONABIRUSA

Jonan Fernandez: "Datorren astean jo lezake goia goranzko joerak"

EiTB Media

LABI teknikoko koordinatzailearen arabera, prebisio hori betetzen den edo ez ikusita deituko du mahai politikoa Urkulluk.

  • Jonan Fernandez

    Jonan Fernandez

    21:58 min
imagen player
imagen player
imagen player

Jonan Fernandez LABI teknikoko koordinatzaileak adierazi duenez, pandemiaren egungo egoera agertoki desberdinetatik aztertzen ari dira, baina litekeena dela "datorren astean jotzea goia goranzko joerak".

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketa batean, Fernandezek esan du joan den ostegunean LABIko batzorde teknikoa bildu zela eta aurreikuspen epidemiologikoak aztertu zituela. Hala, une honetan "zarata eta nahasmen gehiegi dagoela" eta "erreferentzia objektiboak agertzea" komeni dela esan du.

Hala, azaldu duenez, metatutako tasaren kurba martxoaren 10ean hasi zen igotzen, eta, beraz, 29 egun daramatzagu goranzko joera horrekin; urria-azaroko igoeran 40 egun izan ziren, 850 kasuko tasa metatuarekin, eta urtarrilekoan 35 egun, 650eko intzidentzia tasarekin.

Zein izan daitekeen aurreikuspena galdetuta, Fernandezek azaldu du "eszenatoki desberdinekin jokatu behar dugula". Gerta daiteke goranzko joerak datozen bost edo zazpi egunetan "goia jotzea", edo luzatzea. Datozen egunetan goia jotzea espero dutela esan du, baina "aztertu egin behar da, ikusi baitugu aurreikuspenak zailak direla, faktore asko daudelako jokoan", esan du.

Zentzu horretan, "denok askoz nekatuago gaude" eta edozein goranzko joerak "min asko egiten digula" onartu du, baina "urria-azaroa eta urtarrilean okerrago egon ginela jakin behar dugu", gaineratu du.

Halaber, Fernandezek azaldu duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak datozen egunetako joera epidemiologikoaren arabera erabakiko du "lehenago edo beranduago" LABIren aholku-batzordea deituko duen.

Neurriak

Gainera, LABI teknikoko koordinatzailearen ustez, gaur egun Euskadin indarrean dauden neurriak "egokiak dira", eta "bete edo betearazi egin behar dira".

Horren harian, datozen egunetan goranzko joera maximora iristen bada, "neurriak egokiak izan direla ikusiko da", eta goranzko joerak gora egiten jarraitzen badu, "beste neurri batzuk hartzea pentsatu beharko dugu", gaineratu du.

Era berean, Eusko Jaurlaritza neurriak ezartzeko orduan "oreka" bilatzen saiatzen ari dela gogorarazi du, osasuna "printzipio nagusia" dela abiapuntutzat hartuta, "gizartean familiei eta enpresei ahalik eta kalte txikiena egiteko eta epidemiari aurre egiteko".

"Uste dut orain ikusi dela Aste Santua baino lehen hartutako neurriak egokiak izan direla, eta datorren astean ikusiko dugu neurri horiek jarraipena izan dezaketen edo beste neurri batzuk behar ditugun", azaldu du.

Zentzu horretan, "gizartearen gehiengo handi batek" neurriak ondo betetzen dituela eta horiekin ados dagoela azpimarratu du, eta "gutxiengo bati kosta egiten zaio horiek betetzea", hori dela eta, neurriak betetzeak duen "garrantzia" azpimarratu du.

Alarma-egoeraren amaiera

Bestalde, Jonan Fernandezek esan du joan den ostegunean LABI teknikoak egindako bileran Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri zuela maiatzaren 9an alarma egoera amaitzea espero zuela, eta esan du "momentuz informazio gutxi dagoela" horren inguruan, eta "argi daukaguna da egoerari aurre egin behar diogula ditugun erremintekin".

Hala, maiatzaren 9tik aurrera "eszenatoki desberdinak" erabiltzen dituztela esan du, "faktore guztiak edo gehienak kontutan hartuta", eta hiru arlotan neurriak hartzeko zailtasunak egongo liratekeela gaineratu du, hala nola, gaueko mugikortasuna mugatzea, bildu daitezkeen pertsonen mugetan eta itxiera perimetraletan.

"Hiru neurri horiek oso garrantzitsuak izan dira eta aurrerantzean ere oso garrantzitsuak izan daitezke, beraz, hiruren inguruko azterketa sakona egin behar dugu", azaldu du.

Nolanahi ere, Fernandezek aitortu du Espainiako Gobernuak "ikuspuntu juridikotik" maiatzaren 9tik aurrera egiten duen planteamendua ezagutu behar dela, "hori ezagutu gabe, gauza bat edo bestea esatea zaila baita".

Uda eta Eurokopa

Bestalde, Jonan Fernandezek adierazi duenez, nahiz eta oraindik goiz den jakiteko, "udan egoera hobeago baten egongo garela espero behar dugu", nahiz eta prebentzio neurriek indarrean jarraituko duten gizartean eta "eguneroko joeretan". "Espero behar dugu itxaropenez uda, baina oraindik mugekin jarraitu beharko dugu", gaineratu du.

Zentzu horretan, txertoak udan ezarri beharreko neurrietan "eragin handia" izango duela esan du, "txertaketaren zabalkundeak lasaitasun gehiago edo gutxiagorekin ibiltzeko neurria emango digulako".

"Hori da etorkizunerako punturik garrantzitsuena. Gertatzen dena da zalantza asko daudela txertaketaren inguruan, baina jakin behar dugu Eusko Jaurlaritzak, Osasun Sailak eta Osakidetzak ahalik eta azkarren jarriko dituztela txertoak, eta hori guztia nazioarteko eta hemengo adituen irizpidea jarraituz egingo dela", azpimarratu du.

Azkenik, Fernandezek aitortu du Eusko Jaurlaritzak ekainean Eurokopako partidak Bilbon jokatu ahal izateko ezarritako irizpideak "zorrotzak direla", baina osasun publikoko irizpideetan oinarrituta hartu direla eta "egoerak eskatzen du zporroztasuna".

"Denok nahiko genuke Eurokopa hemen eta jendaurrean jokatzea, baina hori baino lehen, osasuna dago, eta horregatik ezarri dira neurri horiek, betetzeko eta, ahal bada, ekainean egoera horretan egoteko itxaropenarekin", gaineratu du.