Itxi

Faktoria

2021-2022 ikasturtea

Irakaskuntza publikoan jarritako baliabide gehigarriei eusteko eskatu dute Ehige, LAB eta Steilas sindikatuek

P.G.

Pandemiapean hasiko den bigarren ikasturtearen atarian, hezkuntza komunitateko ordezkari hainbatekin mintzatu gara 'Faktoria'n, haien kezka eta eskariak ezagutzeko.

  • Eskolaz kanpoko jarduerei ere eusteko baliabideak bermatzeko eskatu du Lourdes Imaz, EHIGEko kideak.

    Eskolaz kanpoko jarduerei ere eusteko baliabideak bermatzeko eskatu du Lourdes Imaz, EHIGEko kideak.

    24:08 min
imagen player
imagen player
imagen player

Bat etorri dira 'Faktoria'n Ehige, Euskal Herriko ikastetxe publikoetako guraso elkartea, eta LAB eta Steilas sindikatuak, pasa den urtean pandemiari aurre egiteko jarritako baliabide gehiagirrei eusteko eskarian. Lourdes Imaz Ehigeko ordezkariaren hitzetan, "badugu Hezkuntza sailaren konpromisoa baina baieztapena falta zaigu". Ildo beretik, Ainhoa Astigarraga Steilasen bozeramaileak adierazi du "ahoz" irakasle gehigarri horiek izango direla esan zaiela, baina "gaur gaurkoz ez dela esleipenik egin, ezta argitu ere ikasturte osorako izango ote diren". Gauza bera adierazi du LABeko Irati Tobarrek. Irakasle gehigarriak bakarrik ez, hezitzaileak, garbitzaileak eta sukaldari gehiago ere eskatu ditu LABeko ordezkariak, "pandemiak erakutsi duelako gainezka ginela eta ratioa jeitsi egin behar direla. Aztertu beharko genuke langilez langile kolektibo bakoitzaren beharrak zeintzuk diren".

Hezkuntzan inbertsioak egiteko "erresistentziak" daudela salatu du Steilaseko Astigarragak eta jangeletako langile eta garbitzaileen sektorearen egoera are gehiago prekarizatzeko arriskua salatu du LABeko Tobarrek.

2021-2022 ikasturteari begira, eskolaz kanpoko jarduerei ere eusteko baliabideak bermatzeko eskatu du Lourdes Imaz Ehigeko kideak, "ikastetxe barruan egiten dena osatzeko, kanpo espazioak erabiltzea bermatu behar da ikastetxe denek karpak eta horrelakoak dituztela bermatuz".

Nafarrorari dagokionez, ordutegi jarraitua izan da eztabaidagaia. Gogor salatu du LABeko Irati Tobarrek ikasturtea ordutegi jarraituarekin hasteko Nafarroako Gobernuak erakutsi duen asmoa: "familia eta langileentzat lana eta bizitza uztartzeko desastre bat da. Ikastetxe bakoitzak hartu beharko luke ordutegiari buruzko erabakia, errealitateak mila direlako. Ezin da pandemia egoera baliatu jardunaldi jarraitua ezartzeko, pandemiari aurre egiteko egokia izan denik frogatu ez denean". Steilaseko Ainhoa Astigarragaren hitzetan, "pandemiari aurre egiteko zerbitzu pulbikoak indartu behar dira, osasungintzan eta hezkuntzan. Hezkuntzari dagokionez, erronka ez da soilik ordutegia, jarduera eta egutegia bera ere aztertu behar dira, gure sistema propioa eraikitzeko".