Itxi

Faktoria

Espetxeen eskuduntzaz hizketan

Jaime Tapia: "Gure helburua da Euskadiko espetxetako presoen % 40 erdi askatasun erregimenean egotea"

P.G. | EITB Media

Udaberriaz geroztik, espetxeen eskumenaren iritsiera antolatzen ari da Jaime Tapia epaile eta Jaurlaritzaren aholkularia. Argi du "Jaurlaritzak zigor politika propioa garatu ahal izango duela, beste erakunde eta taldeekin batera bergizarteratzea ahalik eta gehien bultzatu, sustatu eta lantzeko".

  • ETAko presoei buruz, argi utzi du beste behin, beste presoekin bezala jokatuko dutela.

    Jaime Tapia. Argazkia: Euskadi Irratia

    20:10 min
imagen player
imagen player
imagen player

Jaime Tapia magistratuak "Faktoria" Euskadi Irratian gaur goizean egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, legeak irakurketa eta ezartzeko modu ezberdinak ditu: "Ez da gauza bera preso guztiak barruan egon behar direla pentsatzea edo, gure moduan, hirugarren gradua edo erdi askatasun erregimenak bultzatzea".
 
"Guk uste dugu zigor politikaren aplikazio aurrerakoiak egin ditzazkegula", azaldu du magistratuak. Presoen % 40 erregimen irekian egotea da Jaurlaritzaren helburua, baina hori lortzeko prozesua luzea izan daitekeela onartu du: "Ez da egun batetik bestera lortzen. Hirugarren sektoreko erakundeekin, Osakidetzarekin...guztiekin egin behar dugu lan".

Gizartean sektoreren bat delitugileekin gogor jokatzearen aldekoa bada ere, "guk uste dugu oker daudela. Legediak argi esaten du beste aukera bat merezi dutela eta hori da birgizarteratzearen helburua", zehaztu du.

Horretarako nahikoa baliabide ba ote dauden galdetuta, Estatuko beste erkidegoekin alderatuta hobeto egon gaitezkela uste du; baina helburua ahalik eta jende gehien birgizarteratzea bada, gehiago behar direla ere aitortu du.

ETAko presoei buruz argi utzi du, beste behin, beste presoekin bezala jokatuko dutela: "Zer nolako epaiak dituzten aztertuko dugu, zer nolako baldintzak ezartzen dizkieten zigor kodeak eta espetxe zuzenbideak eta zer nolako tratamendua burutu duten. Horren arabera erabakiko dugu inolako berezitasunik egin gabe, salbuetsita aipatu ditudan epai eta legerian dauden betekizunak".

Azkenik, espetxetako langileek eskumenaren esku aldatzearen aurrean azaldu duten kezkari buruz, lasai egon daitezkela adierazi du, azkenean akordioa iritsiko delako.