Faktoria
PSE-EE
Andueza: "Ez dut ontzat ematen Odon Elorzaren jarrera; are eta gutxiago, komunikabideetan publiko egitea"
Jone Larrañaga | EITb Media
Alderdiak eztabaidarako gune organikoak badituela gogorarazi dio PSEko idazkari nagusiak eta zuzendaritzako erabakiak betetzeko daudela: "Zer nolako jarrera edukiko zuen Elorzak, Donostiako alkate zela bere zinegotzi batek bere erabaki baten kontra bozkatu izan balu?".
-
Eneko Andueza
22:41 min
Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak gogor egin du Odon Elorza diputatu sozialistaren kontra joan den astean Konstituzio Auzitegiko magistratuak izendatzeko bozketan alderdi disziplina hautsi zuelako. Gogoratu dio zuzendaritzak hartutako erabakiak konplitzea dela jarrera "zintzoa" eta ezadostasunak agertzeko badaudela gune organikoak alderdi barruan. "Ez dut ontzat ematen, eta are gutxiago, eztabaida hori publiko egin izana", esan du. "Zer nolako jarrera edukiko zuen Elorzak, Donostiako alkate zela bere zinegotzi baten bere erabaki baten kontra bozkatu izan balu?", zuzendu dio galdera.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan eskainitako elkarrizketan Euskadiko Alderdi Sozialistak dituen hitzarmenei buruz ere mintzatu da idazkari nagusi berria. Adierazi du Ezker Abertzalearekin dituen akordioak oso leku zehatzetan eta oso gai zehatzei buruzkoak direla eta EAJrekin duten konpromisoa "leialtasunez" beteko dutela: "Denborak esango du, baina, epe laburrean, daukagun erantzunkizuna beteko dugu". Bi bazkideen artean azken hilabetean sortutako distantziaz iritzi dio "oso osasungarria dela bazkideaz gaizki iruditzen zaizkigun gauzak esatea" eta "biztnaleriak jakin egin behar duela" zein jarrera diferente dituzten.
Ukatu egin du Anduezak ETAren jardunaren amaieraren urteurrenaren inguruan Ezker Abertzalearekin konplizitatez aritu direnik eta jeloskor aritzea leporatu die jeltzaleei: "Somatzen dudana da urteurren horretan, akaso, EAJk ez duela eduki berak espero zuten protagonismoa".
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiari zuzenduta, berriz, gogorarazi du "PSEk beti gaitzetsi dituela biolentzia guztiak" eta Idoia Mendiaren eskutik sustatu zuela Jaurlaritzak biktima guztien erraparaziorako legea. "Lezio gutxiago eta aurrerapausu gehiago", esan dio buruzagi abertzaleari.