Itxi

Ekonomia

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Aranburu: "Erosahalmena mantentzea defendatuko dugu, ezin dituzte ondorioak beti langileek pairatu"

ONINTZA AIESTARAN | EITB MEDIA

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren arabera, erosahalmena berreskuratzeko hitzarmenak behar dira. Ildo horretan, ondasunak banatu beharraz eta gehienezko soldata finkatzeaz hitz egin du.

  • Garbiñe Aranburu

    Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, Euskadi Irratian. Argazkia: Euskadi Irratia

    22:37 min
imagen player
imagen player
imagen player

Bizimoduaren garestitzearen aurrean aurtengo negoziazio kolektiboa gatazkatsua izango dela aurreikusi du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, LABek langileen erosahalmena mantentzea defendatuko duela azpimarratu du, "langileek ezin dutelako izan beti ondorioak pairatzen dituztenak". Horren esanetan, hitzarmenak behar dira, patronalak ez du oraingoz borondaterik erakutsi eta dagoeneko zenbait sektoretan grebak eta mobilizazioak iragarri dituzte, Arabako metalgintzan kasu.

Ondasunak banatu beharra ere badagoela uste du, eta ildo horretan aipatu du gutxieneko soldata bezala gehienezko soldata ere ezarri behar dela. Gainera, bereziki kezkatzen du sektore maskulinizatu eta feminizatuen artean dagoen arrakalak. 

Bestalde, Confebask patronala baino urrunago joan izana aurpegiratu dio Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuari, KPIaren araberako soldata igoerak ezinezkoak direla eta bestelako erreferentzia batzuk hartu beharko liratekeela esateagatik. "Onartezina iruditzen zaigu ardura politiko bat duen pertsona bati horrelako adierazpenak entzutea", adierazi du Aranburuk.

Martxoko langabezia eta kontratuen datuak hizpide, azken lan erreformaz aritu da LABeko ordezkaria. Horren esanetan, lan erreformaren eragina izan da kontratazio mugagabeak ugaritzea, baina nolabait ondorio positiboak neutralizatuta gelditzen dira bestelako neurri batzuk hartu ezean. Ildo horretan, ez du uste lan erreforma berria aurrerapausoa denik.

LABek lan erreformaren ondorio larrienak negoziazio kolektiboaren bidetik borrokatzen jarraituko duela azaldu du Aranburuk. Dena dela, behar izanez gero, mobilizazio orokorragoak egitea aztertuko dute. "Momentu honetan ekintza sindikalaren bidetik lan erreformaren ondorioak gainditzeko bidean gaude", gehitu du.

Bestalde, Garbiñe Aranbururen iritziz, energia enpresa handien irabaziak gehiago zergapetu behar dira. Horri lotuta, kezkatuta mintzatu da Madrilgo Erkidegoko presidenteak EAEra egingo duen bisitaren baitan patronalak zerga sistema aldatzeko presioa egin diezaiokeelako Eusko Jaurlaritzari.