Itxi

Faktoria

ELKARRIZKETA

Bi eraso homofobo izan dira Gasteizko jaietan azken orduetan

EITB MEDIA

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak jakinarazi duenez, astelehenean, Alde Zaharreko taberna batean, gizon batek irainak eta bultzadak jaso zituen. Beste erasoa astearte honetan izan da txosnen esparruan. Gazte bati bizkarretik eraso egin diote, eta bi pertsonak jipoitu egin dute.

  • Gorka Urtaran. Argazkia: Euskadi Irratia

    Gorka Urtaran Radio Euskadin astearte goizean. Argazkia: EITB Media.

    23:36 min
imagen player
imagen player
imagen player

Bi eraso homofobo izan dira Gasteizko jaietan azken orduetan, Gorka Urtaran hiriko alkateak Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan jakitera eman duenez.

Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak ohar baten bidez jakinarazi du erasoetako bat abuztuaren 8an gertatu zela, Alde Zaharreko taberna batean gizon batek dantzan zegoela irainak eta bultzadak jaso zituenean. Beste erasoa astearte honetako goizaldean izan da txosnen esparruan. Behatokiaren arabera, gazte bati bizkarretik eraso egin diote, eta bi pertsonak jipoitu egin dute irain homofoboak oihukatzen zituzten bitartean.

Urtaranek, halaber, azaldu du ziztadak jaso izana salatu zuten emakumeek azalean ez zutela ziztada horien aztarnarik, eta gorputzean ez zutela sustantzia kimikorik, ezta sintomarik ere ez.

Alkateak irmo adierazi du ziztada horiek eraso matxistak direla eta "matxito arrapariek" jakin beharko dutela horrelako gertakariak gorroto delitu bezala tratatzen direla.

Hala ere, eraso homofobo eta matxistak alde batera utzita, jaietan izandako giro ona eta ondo pasatzeko gogoa azpimarratu nahi izan du. Alkatearen hitzetan, "azken hamarkadan izandako jairik onenak izan dira".

Zeledonen ordezkariak bikote bat (Zeledon eta Edurne) izatearen harira, alkatea pozik agertu da ideia horren aurrean, eta adierazi du "garaia" dela "berdintasunaren aldeko pausu sendoak" emateko.

Espainiako Gobernuak astelehen honetan adostutako energia dekretuaren inguruan ere mintzatu da Urtaran, eta horrelako dekretuak "beharrezkoak" direla uste du. Bere arabera, Gasteizko Udalak 5 milioi euro bideratzen ditu argiteria publikora, baina, egoerak horrela jarraitzekotan, urte bukaeran zifra hori bikoiztu egingo da. Argi kontsumoa murrizteko, teknologia berrien alde egitea proposatu du. Jeltzaleak PPren jokaera dekretu horren aurrean "oportunismo politiko hutsa" dela defendatzen du.

Garraio publikoaren deskontuei dagokienez, Urtaranek jakinarazi du 12 urtetik beherako pertsonek "musutruk" erabili ahal izango dutela tokiko garraio publikoa.

Azkenik, alkate izateko hauteskundeetara bere burua aurkeztearen inguruan galdetuta, "gero gerokoak" esan du, alkatea izateko bere borondatea airean utzita.