Itxi

Faktoria

MEMORIA

Ezenarro: "Memoria ariketak egiterakoan ezinbestekoa da galbahe etikoa jartzea"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Galdakaoko Udaleko memoriari buruzko atariaren inguruan lehertu den polemikaren harira, Gogora Institutuko zuzendariak azaldu du ez dituela partekatzen Aranzadi elkarteak web horretan jarraitu dituen irizpideak. "Gertakizunak informazio guztiarekin" eta "bereizita" eman behar direla uste du.

  • Aintzane Ezenarro. Aragzkia: EFE

    Aintzane Ezenarro, artxiboko irudi batean

    7:23 min
imagen player
imagen player
imagen player

"Ezin da biktimarik baztertu, ezin da legitimatu inolako indarkeria ekintzarik eta ezin zaie garrantzia kendu gertakizunei; biktimarioak agertzen badira, horiek zer egin duten ezin da ezkutatu". Memoria ariketa egiterakoan ezinbestean kontuan hartu behar diren hiru jarraibideak horiek direla esan du Aintzane Ezenarro Eusko Jaurlaritzako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Gogora Institutuaren zuzendariak, Galdakaoko Udalak memoriari buruz duen atariaren polemikaz galdetuta, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.

Ezenarroren hitzetan, Gogorak "alderdi guztien onespenarekin" eta "nazioarteko estandarretan oinarrituta" adostutako jarraibideak dira horiek, "atzera begira jarri eta zer gertatu den bere osotasunean jakiteko". Ariketa hori egiteko lehen baldintza "galbahe etikoa" ezartzea dela erantsi du. "Biktima kopurua adierazi eta kontakizun kronologikoa egitetik harago", zer gertatu den erakusteko tresna izan behar dute halako atariek, horren iritzian.

2018an jarri zuten udalen esku, memoria lantzeko irizpide sorta. "Irizpideetako bat da nazioarteko estandarretan jasotzen ez dituzten kasuak modu bereizian jaso behar direla. Gauza bat da nazioarteko estandarrak jarraitzea eskubide urraketak zeintzuk izan diren azaltzeko eta biktimak sailkatzeko, baina beste gauza bat da beste gertaera batzuk ere azaldu nahi izatea. Hori egin nahi bada, beste modu batera eta beste toki batean azaldu behar dira, beste tratamendu batekin. Nahasmenduak ekiditeko, bereizi egin behar dira", argitu du.

Gauzak horrela, atzo Eusko Jaurlaritzak esandakoa berretsi du, eta Aranzadi Zientzia Elkarteak memoria lantzeko Galdakaoko zein beste hainbat herritako udaletarako erabilitako irizpideak ez dituela partekatzen adierazi du. Ezenarroren ustez, "gertaera guztiak azaltzeko borondatea" izatea beharrezkoa da, baina gertaera horiek "bereizita" eta "informazio guztiarekin" azaldu behar dira. "Memoriaren konplexutasuna ahalik eta ondoen azaldu behar da. Ez da erraza, min asko dago, oso gertuko gertaerak dira, biktima guztiak hartu behar dira aintzat, eta gertaera guztiak ondo azaldu behar dira", gehitu du.

Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako hilabete falta denean lehertu da polemika. Horri buruz galdetuta, Gogora Institutuko zuzendariak erantzun du bera ez dela sartuko gaia orain zergatik azaleratu den argitzen, baina, bere iritzian, polemikak balio beharko luke "memoria ariketa hobetzeko". "Gure asmo guztia beti hori izan da. Sinisten dugu benetan posible dela, oroimen kritikotik abiatuta, etorkizuneko elkarbizitza hobeagoa eraikitzea. Kritikoa izateak esan nahi du informazio guztia ematea, gordintasun guztiarekin, azterketa kritiko batekin eta gehiago gerta ez dadin oinarriak jarrita", zehaztu du.