Itxi

Faktoria

EUSKADI IRRATIA

Otegi: "Herriak esan du nor nahi duen alkate edo diputatu. Errespetatzen ez duenak ez du negozio ona egingo"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Hauteskunde ondorengo itunei buruz galdetuta EH Bilduko koordinatzaileak adierazi duenez, "koalizioak ez du bere erabakiekin jendea kaltetuko". "Hau ez da alderdien arteko lehia, ez gaude kromoak partekatzen. Printzipio eta balore batzuk ditugu eta horiei eutsiko diegu", nabarmendu du.

  • Arnaldo Otegi, gaur, Euskadi Irratian

    25:55 min
imagen player
imagen player
imagen player

Udal eta foru hauteskundeek utzitako emaitza onak ospatzeko ia astirik gabe, EH Bildu ere hasi da lanean gobernu-itunei begira. Hala aitortu du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko koalizioko koordinatzaile nagusiak, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Orain arte izandako lehen harremanetan, hauteskundeen ondorengo berotasunean, "herratik" hitz egiten somatu du ordezkari politiko bat baino gehiago, baina itxaropena agertu du "hausnarketarako espazio pausatuagoan" hartuko direla erabakiak.

"EH Bilduk argi du. Herriak hauteslekuetan adierazi du nor nahi duen alkate edo diputatu izatea, eta hori errespetatu egin behar da. Hala egiten ez duenak, ez du negozio ona egingo", ohartarazi du. "Nork gidatu behar dituen Nafarroako Gobernua edota Iruñeko Udala? Bada, Chivitek eta Asironek. Naturaltasun guztiarekin egin behar da hori. Hori ez bada horrela gertatzen, norbaitek azalpenak eman beharko dizkio herriari", gehitu du.

Era berean, Gipuzkoan ere, "herriaren nahia argia izan da", berretsi du, eta, aldi berean, Eider Mendoza jeltzalea diputatu izateak PPren babesa eskatzen duela gogoratu. Hori egiteak "gauza asko utziko ditu agerian", horren hitzetan, eta ohartarazi du popularrek "zerbaiten truke" egingo luketela hori. "Hori gipuzkoarren aurrean nola saltzen da? Gogoratu nahi dut guk Gasteizen, Marotori alkatetza kentzeko, hirugarren lekuan geratu zen Urtanari eman geniola gure babesa", esan du.

Otegiren arabera, agertokia edozein izanda ere, EH Bilduk "beti koalizioaren printzipio eta baloreak" jarriko ditu erdigunean, eta alderdien arteko lehiatik harago, "jendea kaltetuko ez duten erabakiak hartuko ditugu". Hala, joko politiko horretan sartu direnean "alkate abertzaleak eta independentistak" jartzeko izan dela esan du. Ildo horretan, ziurtatu du PSNk Joseba Asiron Iruñeko alkate izatea ahalbidetuko ez balu ere, Nafarroako Gobernua Maria Chivite sozialistak gidatzea erraztuko lukeela EH Bilduk.

Ezkerretik eta abertzaletasunetik "espazio komunak bilatu eta gobernu anitzak osatzea" babestu du. "Guk uste dugu EH Bilduk izan behar duela nolabaiteko nukleoa abertzaletasuna eta ezkerreko ikuspuntua batzeko", azaldu du.

Azkenik, begirada uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan jarrita, Otegiren ustez, eskuina boterera iristeak "atzerakada handia" ekarriko du arlo askotan, eta "oldarraldi errepresiboa" zenbaterainokoa izan daitekeen hausnartzeko deia egin du.