Itxi

Goiz kronika asteburua

ELKARRIZKETA

Tapia: "2 fasera ahalik eta lasterren igarotzea da helburua"

euskadi irratia

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegitura sailburuak ohartarazi du ezin dela orain arte lortutakoa bertan behera utzi. Zuhurtziaren baitan argudiatu du mugikortasuna mugatu izana.

  • Arantza Tapia sailburua

    Arantza Tapia sailburua, lehen faseko irizpideak azaltzeko prentsa agerraldian

    9:29 min
imagen player
imagen player
imagen player

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegitura sailburuak gogorarazi du COVID 19-aren pandemiaren ondorioak "oso larriak" izan direla, eta ezin dela herritarren eta osasun arloko profesionalen elkarlanari esker lortutakoa bertan behera utzi. "Konturatu behar dugu 1 fasean gaudela oraindik, eta ibilbide bat dugula aurretik", esan du.

Euskadi Irratiko Goiz Kronika saioan adierazi du "zuhurtziaren eraginez" mugatu dutela mugikortasuna herri barrura. "Euskadi mugimendu handiko lurraldea izanik, arlo sozioekonomikoez besteko mugimenduak gure herrian egin beharko dira", esan du Tapiak. Edonola ere, eta gauzak ondo egiten badira, bigarren fasean "mugikortasuna erkidego osora zabalduko dela" iragarri du.

Tapiak ukatu egin du Bizkaiko edo Bilboko egoerak kezka berezia eragiten duenik, eta horrek baldintzatu duenik erabaki murriztailea. "Lurraldez besteko mugimenduak ohikoak dira, baina oraindik lehen fasean gaude, eta ezin dugu normaltasunez aritu".

Gaineratu duenez, "helburua  2 fasera ahalik eta lasterren igarotzea da", eta horretarako "zentzuz eta zuhurtziaz" jokatzea ezinbestekoa da. Aurrez, baina, lehen fase honetarako beste malgutasun baten berri eman du; bi gurasoek ume bakarrarekin ateratzeko aukera izango dutela esan du, eta herri barruko kilometro bateko muga ezabatu egingo dela.

Oposizioak harridura agertu du erabakiaren aurrean, eta gardentasun falta egotzi dio Jaurlaritzari, baina sailburuak ukatu egin du datuak ezkutatu izana: "Osasun Sailak egunero egiten ditu publiko datuak".

Aurrez aurreko eskoletara itzultzeko proposamena eta zuhurtzia eskaera "uztargarriak" direla defendatu du Ekonomiaren Garapenerako sailburuak: "Oso ongi planifikatuko da, eta neurri zorrotzak ezarriko dira. Ez dira guztiak batera itzuliko, ez da masifikaziorik izango. Pixkanaka itzultzea da asmoa”.

Espainiako Gobernuarekin duten harremanaz galdetuta, Tapiak esan du erlazio “normalizatua” berreskuratu dutela aste honetan. Sailburuak berak koordinatuko du konfinamendutik ateratzeko Jaurlaritzak osatu duen Bizi Berri plana.