Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Zubia: "Gabon jaien ondorioz, diagnostikatu gabeko kasu dezente izan daitezke"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Neurriak zorroztearen alde egin du Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak, "gauza oker ez dadin"; izan ere, "aholkuei ez diegu kasurik egiten, debekuak bakarrik ulertzen ditugu", esan du.

  • Modernaren txertoa. Argazkia: EFE

    Felix Zubia, Donostia Ospitaleko ZIUko medikua. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia.

    28:58 min
imagen player
imagen player
imagen player

Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko medikua kezkatuta agertu da azken egun hauetan Euskal Herrian izaten ari den koronabirus kasuen gorakadarekin, eta neurriak zorroztearen alde egin du igoera hori deskontrola ez dadin: "Gabon jaien ondorioz, diagnostikatu gabeko kasu dezente izan daitezke kalean, batzuk, medikuarengana joan ez direlako, jaiegunak direla-eta proba gutxiago egin direlako, asintomatikoak direlako eta abar. Guk kezkatuta jarraitzen dugu".

Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" saioan duen tartean azaldu duenez, igoera guztiak kasu gutxi batzuen agerpenarekin hasten dira eta esponentzialki egiten dute gora gero. Hala, lehen igoerak atzematen diren honetan, berehala neurriak zorroztearen alde egin du Zubiak: "Aholkuei ez diegu kasurik egiten, debekuak bakarrik ulertzen ditugu. Horregatik, neurriak zorroztu beharko dira gauza oker ez dadin".

Txertoen inguruan ere hitz egin du medikuak. Orain arte Pfizer-BioNTechen txertoa zen Euskal Herrian ematen ari ziren bakarra, baina aste honetan Europako Botiken Agentziak Modernaren txertoa onartu ostean, datorren astean bertan iritsiko dira lehen dosiak Espainiako Estatura. Zubiaren esanetan, txerto horrek ere "logistika sare handia" beharko du (-20 graduan gorde behar da) baina ez Pfizerrenak behar duena bezain zorrotza (-80 graduan izan behar da) eta horri esker zabalkundea erraztu egin daitekeela iritzi dio. Gainera, bi txerto izateak dosi gehiago eskuratu ahal izatea ekarriko duela eta, ondorioz, txertaketen erritmoa azkartu daitekeela azaldu du.

Bi horiei laster Oxford-AstraZenecaren txertoa batuko balitzaie, txertaketa are eraginkorragoa izango litzatekeela uste du Felix Zubiak. Batetik azido erribonukleikoan (ARN) oinarrituta ez dagoenez, hirugarren txerto hau banatzeko eta gordetzeko lana askoz ere errazagoa izango da. Pfizerren eta Modernaren txertoak printzipioz eragin handiagoa dutela eta AstraZenecarenak txikiagoa duela onartuta ere, "nahikoa" da, Donostia Ospitaleko ZIUko medikuaren esanetan, gakoa "ahalik eta jende gehien txertatzea" delako.

Hiru txertoek bi dosi behar dituzte, eta datorren asteburutik aurrera hasiko dira Pfizerren lehen dosia jaso zutenei bigarrena jartzen, lehenengoa jarri eta 21 egunetara. Horri esker udan bizitza "normala" egin ahalko dugun galdetuta, horrelako adierazpenen aurrean "zuhurtzia" behar dela esan du Zubiak, baina txertaketaren erritmoa ona izanez gero, galdera horren erantzuna martxo aldera edo izan dezakegula ganeratu du.