Gizartea -

KORONABIRUSA

Espainiak zazpi edo hamar egunetan jasoko ditu Moderna txertoaren lehen dosiak

Salvador Illa Osasun ministroak aurreratu duenez, sei edota zazpi astetan koronabirusaren kontrako Moderna txertoaren 600.000 dosi izango ditu Espainiak.

Koronabirusaren aurkako Modernaren txertoa. Argazkia: EFE
Koronabirusaren aurkako Modernaren txertoa
Koronabirusaren aurkako Modernaren txertoa. Argazkia: EFE

O.A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren kontrako Moderna txertoaren lehen dosiak zazpi edo hamar egunetan jasoko ditu Espainiak. Salvador Illa Osasun Ministroak egin du iragarpena ostegun honetan eta gaineratu duenez, datozen sei edo zazpi asteetan aipaturiko txerto horren 600.000 dosi jasoko ditu Espainiak. Bestalde, otsailaren 14ko Kataluniako hauteskundeetan PSCko zerrendaburu izan arren hauteskunde kanpaina hasi arte (urtarrilaren 29an) ministro karguan jarraituko duela ziurtatu du, kritikei entzungor eginez.

Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkaritzan egindako prentsaurrekoan Salvador Illak azaldu duenez, txerto berri horrek ez du Gobernuak ezarritako txertaketa egutegian aldaketarik eragingo. Gauzak horrela, dagoeneko aurreikusitako faseetan egingo dute txertaketa, adinekoetatik eta lehen lerroan lanean ari diren osasun langileetatik hasita.

Illak garrantzia kendu dio autonomia erkidegoen artekan dauden txertaketa erritmo ezberdinei eta ziur agertu da guztiak ere prozesua azkartzeko lanean ari direla. Duela egun batzuk esandakoari eutsi dio eta uda inguruan Espainiako herritarren % 70 immunizatuta egongo direla adierazi du.

Modernoaren txertoaren bi dosi eman behar dira eraginkorra izateko. Pfizer etxearen txertoarekin alderatuta, merkeagoa da (30 euro balio ditu) eta ohiko hozkailuetan gorde ahal da (Pfizerren txertoa zeropetik 70 ºC-ko tenperaturan mantendu behar da).

Sendagaien Europako Agentziak asteazkenean eman zion bere oniritzia Moderna txertoari. % 94,5eko eraginkortasuna du.

Beste herrialde batzuek egin dutenari jarraituz Pfizerren txertoaren bigarren dosia atzeratzeko aukeraz galdetuta, Illak berretsi du Espainiak "fabrikatzailearen gomendioak" jarraituko dituela. Gauzak horrela, bigarren dosia ez atzeratzearen alde agertu da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua albisteak Espainia Gaixotasunak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Zientzia berriak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza gaur Sendagaiak albisteak Txertoak COVIDaren agerraldiak gaur Osasun zentroak gaur