Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Felix Zubia: "AstraZenecaren txertoa adin-tarte guztietarako erabiliko nuke"

I. G. | EITB MEDIA

Datozen asteak "gogorragoak" izango direla uste du Zubiak, eta neurri zorrotzagoak ezarri beharko direla.

  • Felix ZUbia

    Felix Zubia, Donostia Ospitalean. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia.

    29:19 min
imagen player
imagen player
imagen player

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) txertaketa erritmoa bizkortu nahi izan du Aste Santuan, eta hori ostiral honetan heldu diren AstraZenecaren 42.300 dosiekin egin ahal izango da neurri handi batean. Izan ere, txerto gehien jaso den astea izan da honakoa.

Eusko Jaurlaritzak egindako aurreikuspenaren arabera, asteartera arte 75.788 txerto jarriko dituzte, aurreko astean baino 20.000 gehiago. Orain arte, 113.953 euskal herritar txertatu dira bi dosirekin eta 282.115ek jaso dute lehenengoa. 65 urteko eta gutxiagoko herritarrak AstraZenecaren txertoarekin babestuko dituzte.

Gaur, Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan aurretik ezarrita zegoen 55 urteko adin-muga "zentsugabea" zela adierazi du Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak.

"Erresuma Batuan milioika herritar txertatu dituzte eta ez da arazorik izan; nik adin-tarte guztietarako erabiliko nuke AstraZenecaren txertoa", babestu du Zubiak. Horrez gain, 15 egun barru Janssen (Johnsson & Johnsson) txertoa ere iritsiko dela gogorarazi du, eta, dosi bakarrekoa denez, egoerari "bultzada handi bat" ematea espero duela.

Txerto britainiarrak eragindako tronbosi kasuei dagokienez, harremana ez dagoela frogatuta nabarmendu du eta alarmarik ez sortzeko eskatu du, frogatuta baitago txertoa "segurua" eta "eraginkorra" dela.

Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburua Errege Kopako finala dela eta azken egunetan izandako jende pilaketez ere aritu da: "Ikusten dut badatorrela denboralea; kasuak igotzen ari dira eta kalean kontrolatu gabeko kasu asko daude, hedatzen jarraitzen dutenak", adierazi du.

Datozen asteak "gogorragoak" izango direla uste du Zubiak, eta neurri zorrotzagoak ezarri beharko direla. "Aste honetan askotan sartu dugu hanka, ez dezagun berriro egin", azpimarratu du.