Itxi

Osasun etxea

KORONABIRUSA

Zubia: "Txertatu zaretenoi eta neurriak bete dituzuenoi esker lortu dugu pandemiaren kontrola egokia izatea"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Euskal Herriko azkenaldiko datuak oso onak direla aitortu arren, zuhutzia mantendu nahi du "pandemiaren amaieran" egon gaitezkeela diotenen aurrean, eta hau "gaitz globala denez, irtenbide globala" behar duela gogorarazi du.

  • felix Zubia

    Felix Zubia, Donostiako Ospitaleko zainketa berezietako burua, EITB Mediaren bideo bateko irudian.

    30:18 min
imagen player
imagen player
imagen player

Urria erabakigarria izango da covid-19aren pandemiaren bilakaeran. Aste honetan bertan, EAEn Larrialdi Egoera bertan behera uzteari buruz hitz egin du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta "normaltasunaren bidean helmuga gertu" ikusten duela gaineratu du Maria Chivite Nafarroako presidenteak. Gaur, Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak iganderoko Osasun Etxea saioan datuak oso onak direla berretsi du, baina zuhurtziarako deia egin du: "Hain epe luzeko gaitza izanik ni ez naiz ausartzen kukurruku jotzera".

Gaur egun bizi dugun egoerak bi sorburu dituela garbi du medikuak, txertaketa eta neurriak mantentzea: "Hemendik milesker txertatu zareten guztioi eta pandemia osoan neurriak bete dituzuenoi, zeren zuei esker lortu dugu pandemia honen kontrola egokia izatea".

Gauzak horrela, neurriak arintzeko une egokia izan daitekeela deritzo Zubiak: "Egia da egoera oso ona dela, egia da neurriak arindu behar ditugula eta komeni dela arintzea, baina batzuk mantendu behar dira, batez ere espazio itxietan musukoa eramatearena".

Arazo globala, irtenbide globala

"Gogoratu behar dugu hau mundu mailako gaixotasuna dela, lehen ere mundu mailan sortu eta guregana iritsi zen eta hala izango da mundu mailako kontrola lortzen ez den bitartean. Adibidez, Errusian oraintxe sekula izan duten goreneko mailan dauden eta egunero 800 heriotzatik gora izate dute ofizialki aitortuak eta ez daukat zalatzarik gehiago ere izango direla. Beraz, oraintxe herrialde aberatsetako datuak onak direnean eta txertatu nahi duenak txertatu ahal izan duenean, momentua beharko luke mundu osoko txertaketa antolatzeko eta mundu mailan kontrolatzeko" hausnartu du.

Bestela, ondorioez ohartarazi du Zubiak: "Hala egin ezean, ez da baztertzen txertoekiko erresistenteak diren aldaerak edo izugarri kutsakorrak direnak sortzea".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.