Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Radio Euskadi

"Boulevard" berezia Basauri, Martutene eta Zaballako espetxeetatik, ostegunean

EITB Media

Beatriz Artolazal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta hiru espetxeetako zuzendariak elkarrizketatuko ditu Xabier Garcia Ramsdenek. Gainera, presoen iritziak entzuteko aukera izango dute entzuleek.

  • Xabier Garcia Ramsden.

    Xabier Garcia Ramsden.

Ostegun honetan, urriak 7, Xabier Garcia Ramsdenek Basauriko espetxetik aurkeztuko du Radio Euskadiko "Boulevard" saioa. Gainera, Laida Basurto kazetaria Martuteneko espetxetik arituko da, eta Maria Suarezek eta Xabier Madariagak Zaballako espetxetik egingo dute bat saio bereziarekin. Eusko Jaurlaritzak euskal espetxeen kudeaketa bereganatu zuen urriaren 1ean; eskumenaren transferentziaz eta espetxeko egunerokotasun eta kudeaketaz arituko dira saioan, besteak beste.

Lehen orduan, 08:30ean, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuarekin hitz egingo dute, espetxeen alorrean zer aldaketa egingo diren aztertzeko.

Ordu erdi geroago, Vicenta Alonso Basauriko espetxeko zuzendaria, Benito Aguirre Zaballako zuzendaria eta Marian Moreno Gipuzkoako zentroko zuzendaria entzuteko aukera izango da.

09:30ak aldera mahai ingurua egingo dute Basauriko espetxeko hainbat preso eta Maeba psikologo eta terapeutarekin.

10:00etan justizia berrezartzaileaz arituko dira presoekin lan egiten duten zenbait erakundetako ordezkarirekin. Gainera, espetxeen munduan lanean 30 urte inguru daramatzaten profesionalekin hitz egingo dute.

Saioaren azken orduan, Zaballako emakumeen gaia jorratuko dute. Raul Cacho funtzionario beterano eta preso baten aholkularia eta David Martuteneko hirugarren graduko presoa ere ezagutuko dituzte.

11:30ean osasun mentalari buruz arituko dira. Horretarako, Asier Lopez de Arkaute Zaballako medikuak, Begoña Hernani Basauriko espetxeko psikiatrak eta Martin Iribarri Martuteneko kapilauak Loiolaetxea proiektuari buruz hitz egingo dute.