telebista
Igandean
Alaves-Real Sociedad, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
A.A.
EITB
Espainiako Traineru Txapelketa Castrotik eta Amezketako pilota jaialdia ere eskainiko dira.
Alavesek eta Realak jokatuko duten denboraldi-aurreko partida zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek bihar iluntzean, 20:10ean hasita. Iñaki Mikeo, Juanan Larrañaga eta Xabier Andueza arduratuko dira kontakizunaz.
Zuzeneko beste bi emanaldi ere egingo dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek. Eguerdiko 12etan, estropaden leihoa zabalduko dute, Castron jokatuko den Espainiako Traineru Txapelketa eskaintzeko. Ohi denez, Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Sara Gandara izango dira esatariak.
17:00etan hasiko da 'ETB Kantxa' saioa, Amezketatik. Julen Retegi-Urruzola / Olaetxea-Apraiz norgehiagokak zabalduko du jaialdia. Partida nagusian, berriz, Altuna III.a eta Zubieta, Artolaren eta Beroizen aurka arituko dira. Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak emango dute bertako berri.
ETB1eko kirol eskaintza, herri kirolek osatuko dute. 16:00etatik aurrera, Laukarizko Harria proban eta segalarien Azkartasun Txapelketan gertatutakoak bilduko dituzte Ibon Gaztañazpik eta Juanan Legorburuk hurrenez hurren.
Amaitzeko, 19:10ean, ETBKn, Binakako Zesta Txapelketako ¾. posturako partida izango da ikusgai: Olha-Etcheto / Arbe-Enbil. Iñigo Aiestaranek eta Jabier Arkarazok egingo dute kontakizuna.