Itxi

telebista

ETB1 eta ETB2

Abian da ETBren udazkeneko programazioa

EITB

EITB

Bost saio berri estreinatuko dira: 'Zuek Hor eta Gu Hemen', 'Gu ta Gutarrak' eta 'A Ze Banda!', ETB1en, eta 'Atrápame si Puedes' eta 'El Impostor', ETB2n.

1:45

Gaur jarriko du abian Euskal Telebistak udazkeneko programazioa. Orotara, bost saio berri estreinatuko dira: 'Zuek Hor eta Gu Hemen', 'Gu ta Gutarrak' eta 'A Ze Banda!', ETB1en, eta 'Atrápame si Puedes' eta 'El Impostor', ETB2n. 'Euskal Herria Zuzenean' saioak aurkezle berria izango du, gainera: Xabier Euzkitze. Arrakasta izan duten hainbat programak jarraituko dute, hala nola, 'No es País para Sosos', 'Por Fin, Viernes', 'Iñaki & Cía', '6 Argazkitan' eta 'Tribuaren Berbak', 'Goenkale' telesailaren 21. denboraldia ahaztu gabe.

ETB1

'Zuek Hor eta Gu Hemen' umorezko programa berria da, eta astelehenetik ostiralera, 15:45ean hasita, izango da ikusgai. Aktualitatea, elkarrizketak, lehiaketak, musika eta beste hainbat edukiz betetako edukiontzia izango da. Zuzenean eskainiko den saioak hiru atal nagusi izango ditu. Lehenengoa umorez egindako albistegi ganberro batek beteko du; Anjel Alkain eta Iker Galartza aurkezleek gidatuko dute, eta Anjel Alkainek, Iker Galartzak edota Aitziber Garmendiak hezurmamitutako pertsonaiak izango ditu protagonista. Mahai biribila izango da 'Zuek Hor eta Gu Hemen' saioaren erdigunean, eta, bertan, solaskideek gai askori helduko diete, umorea ardatz hartuta, Anjel Alkain eta Iker Galartza moderatzaile direla. Egunero atal desberdinak izango dira: Amaia Artetxe, Iro Landaluze, Maria Amolategi, Paulino, Saioa Lopez, Pello Zabala eta beste hainbat kolaboratzaile izango dituzte. Programaren azken txanpan, aurkezleek platora joandako gonbidatuak elkarrizketatuko dituzte.

Bazkalosteko proposamen berria dugu hau. Eta aurretik, 'Gaur Egun' albistegiaren atarian, 'Txoriene' (13:15) saioaren denboraldi berria izango dugu. Pili Manterolaren eskutik, Euskal Herrian barna hain ezagunak ez diren sukaldarien lana ezagutzera ematen jarraituko du, sukaldean aritzeko modu ugari erakutsiz, eta euren hornitzaileekin duten gertuko harremanari erreparatuz. 200. saioa izango dute jomugan.

'Zuek Hor eta Gu Hemen' saioaren ostean, 17:15ean, 'Azpimarra' izango dugu ikusgai. Maddalen Iriartek Asier Odriozola izango du lagun denboraldi honetan. Solasaldi mahaiaren inguruan, aktualitatea aztertzea izango dute helburu. Bestalde, astearte gaueroko hitzorduari eutsiko dio 'Azpimarra +' saioak. Bertan, elkarrizketa sakon bat egingo du Maddalen Iriartek, eta, ondoren, mahai-ingurua izango da saioko ohiko kolaboratzaileekin.

Hizkiak, hitzak eta jakintza ardatz dituen lehiaketarekin jarraituko du Zuhaitz Gurrutxagak, urriaren 6tik aurrera, 'Hizkamizka'ren (18:45) atal berrietan. Lehiakideek kultura orokorreko galderei erantzun beharko diete berritasunik ere ekarriko duen saioan.

Eta arratsalde parteko eskaintzarekin amaitzeko, gaueko 'Gaur Egun' albistegiaren aurretik, kilometroak egiten jarraituko du 'Euskal Herria Zuzenean' saioak (19:15), gure herri eta hiriak bisitatuz eta gertuko albisteen berri emanez. Denboraldi honetan, gainera, Xabier Euzkitzek hartuko du saioaren gidaritza.

ETB1en gaueko eskaintzan, 'Gu ta Gutarrak' saioa izango dugu berrikuntza nagusia, Euskal Herriko kuadrilla jatorrena sortzea helburu duen saioa, Julen Telleriak aurkeztuta. Sei neska eta sei mutil aterpetxe batera bidaliko dituzte elkarrekin bizitzera hainbat asteburutan. Astelehenetik ostegunera bitartean, 21:15 inguruan, hamabi gutarrak platoan izango dira elkarbizitzaren inguruan gertatzen den guztiaren berri ematen.

Astelehen eta astearteetan 'Goenkale' telesailari emango dio lekukoa Julen Telleriak. Ikus-entzuleak hunkitzeko gertakizun eta pertsonaia berriekin ekingo dio 'Goenkale'k 21. denboraldiari. Ekainean askatu gabeko hainbat istorio argitzeaz gain, Etxegarai familia ezagutuko dugu, Arraldeko botiketako baten jabeak. Iraganeko sekretu batek marka handia utzi zion botikari. Ezinezkoa den maitasun istorioak, desleialtasuna eta traizioa izango dituzte osagai denboraldi berrian. Halaber, gazteek lekua eta protagonismoa izango dute.

Ondoren, 'Herri People' Ibon Gaztañazpik aurkeztutako erreportaje saioak emango dira, astelehenero, 23:30etik aurrera.

Asteazkenetan, 'Itxuroso' saioa dugu ikusgai azken asteetan. Nahi eta behar ezberdinek motibatuta, look berri baten bila dabiltzan lagunei itxura aldaketa eskaintzen diete Maite Eskarmendik eta Unai Goikoleak. Alabaina, urriaren 15etik aurrera, tarte honetan, 'A Ze Banda!' musika lehiaketa eskainiko da. Iban Garatek eta Nerea Rodriguezek gidatuko duten saioak Euskal Herriko talde onena aukeratzea izango du helburu. Alex Sardui Gatibu taldeko burua eta Zuriñe Hidalgo Hesianeko abeslaria izango dira epaimahaiko kide finkoak. Astero, hirugarren lagun bat gonbidatuko dute parte-hartzaileen lana baloratzeko. Besteak beste, Jabier Muguruza, The Uski's taldeko Iñigo Egiguren eta Esne Beltzako Xabi Solano hartuko dituzte.

Ostegunetan, 'Debatea' saioa aurkezten du Xabier Usabiagak, eta igande gauetan '6 Argazkitan' saioaz gozatzeko parada izaten dugu. Igande honetan, Pedro Mari Goikoetxea Jose Antonio Bastegieta Marko Kortezubiko alkate ohiarekin izan da. Hurrengo protagonistak Jose Mari Bakero, Maite Idirin, Joxe Mari Iriondo eta Luziano Juaristi (Atano X.a) izango dira.

Azaroan ekingo dio 'Tribuaren Berbak' saioak 2. denboraldiari. Euskarak sare zabala duela erakutsi digu orain arte Kike Amonarrizek, eta hemendik aurrera jorratzeko gai-zerrenda luzea prestatu dute: zer ari da gertatzen guraso biak euskaldun berriak diren familietan?,  euskara merkataritza alorrean edo kiroletan, Madrilgo gune euskaltzaleak, Euskal Herriko hizkuntza ere baden okzitaniera, mugaren bi aldeetako harremanak, euskara munduan, gerrak eta euskara, euskara sukaldean, Ezkerraldea, euskara historian…

ETB1eko programazioan klasiko bihurtu diren hiru saio dira 'Sautrela', 'Hitzetik Hortzera' eta 'Teknopolis'. Lehenengo biak asteburu honetan hasiko dira, eta hirugarrena, hurrengoan.

Aurten 25. urtemuga ospatuko duen bertsolaritzari eskainitako 'Hitzetik Hortzera' saioak, igandeetako tarteaz gain, zuzeneko emanaldien aldeko apustua egingo du. 'Sautrela'k letra eta literatur sorkuntzari tartea egiten jarraituko du, Hasier Etxeberriaren gidaritzapean. Eta 'Teknopolis'en, Iñaki Leturiak hartuko du saioaren gidaritza eta Nagore Rementeriak zuzendaritza. Leturia ez da aurkezle soila izango, eta paper aktiboa izango du erreportaje askotan. Hala, ikerketa egiten den lekura bertara joango da, edo zientziaren eta teknologiaren ikuspegitik interesgarriak diren lekuak bisitatuko ditu. Horren bitartez, zuzenean jasoko du ikusleak gaiari buruzko informazio zuzena, adituen iritziak, esperientziak. Azken urteetan hasitako bideari eutsiko diote, saio tematikoei lehentasuna emanez.

Albistegiek, erreportaje bereziek, kultur emanaldiek eta kirolak osatuko dute ETB1eko eskaintza. Kirol erredakzioko lankideek adi-adi jarraituko dute Lehen Mailan diharduten gure taldeen jarduna (Athletic, Eibar eta Realarena), eta zuri-gorriak Txapeldunen Ligan egiten ari diren ibilbideari ere erreparatuko diote. Lehen Mailako laburpenak eskainiko dituzte astero, eta Bigarren Mailako partiden zuzeneko emanaldiak ere bai. Saskibaloiari dagokionez, Endesa Ligako bizpahiru partida eta Laboral Kutxaren Euroligako norgehiagokak emango dira. Esku-pilotaren leihoa zabalduko du 'ETB Kantxa'k ostiral gauero eta igande arratsaldero, eta amaitzear den txirrindularitza denboraldiak Lonbardiako Itzulia ekarriko digu urrian. Asteroko hitzorduari eutsiko diote boxeoak, herri kirolek eta beste kirolei zabalkundea ematen dien 'Zu Kirolari' saioak ere.

ETB2

Bi saio berri izango dira ikusgai ETB2n udazken honetan: 'Atrápame si Puedes', Patxi Alonsok eguerdiko 'Teleberri' albistegiaren aurretik gidatuko duen lehiaketa, eta Adela Ucar bilbotarrak aurkeztuko duen 'El Impostor' gaueko saioa.

'Atrápame si Puedes' saioarekin entretenitu, ondo pasatu eta jolasteko aukera izango dute ikus-entzuleek. Astero sei lagun lehiatuko dira; egunero 1.000 euro irabazteko aukera izango dute, eta ostiraletan, asteko zakuan pilatutako dirua.

Bazkalostean, 'Sin Ir Más Lejos' saioak jarraituko du, Klaudio Landarekin. Hiru orduz, aktualitatea aztertuko dute solas-mahaian, zuzeneko konexioak eta erreportajeak tartekatuz.

Ordutegi nagusian, eskaintza zabala du ETB2k. Astelehenetan, gastronomia, Ander Gonzalez eta Ramon Roteta arrakastaz gidatzen ari diren 'No es País para Sosos' saioarekin, eta aktualitatea, Juan Carlos Etxeberriak aurkezten duen 'El Dilema' saioarekin.

Felix Linaresek gidatzen duen 'La Noche de...' saioak astearteroko hitzorduari eutsiko dio. 1.000 saioko muga gainditu ostean, zinemaren munduko datu harrigarriak, istorio dibertigarriak eta pasadizo eta bitxikeria paregabeak kontatzen jarraituko du, ikus-entzuleen jakin-mina asetuz eta audientzia markak hausteko asmoz.

Asteazkenetan, urrian, familia osoari zuzendutako 'El Impostor saioa estreinatuko du Adela Ucarrek. Atal bakoitzean, familia batek pertsona ezezagun bat sartuko du bere etxean, gonbidatu ospetsu baten aurrean familiako kide modura aurkeztuz. Gonbidatuak familiako kide faltsua nor den jakitea lortu beharko du.

'Iñaki & Cía' saioak harrera ezin hobea izan du, bai ikus-entzuleen aldetik eta baita euren bizitza Iñaki Lopezekin partekatu dutenen aldetik ere. Azaroan, ostegunero, beste hainbat pertsona ezagunen bizitzan murgilduko da Lopez, alor profesionaletik eta irudi publikotik haratago duten aldea ezagutzera emanez.

Ostiraletan entretenimendua eta informazioa uztartzen dituen 'Por Fin, Viernes' saioarekin jarraituko du Jon Bilbaok, eta igandeetan, 'Conquistour' saioko abenturetan murgilduko gaitu Julian Iantzik.