Itxi

telebista

A20

Hauteskunde gaueko informazio osoa, EiTBn

A.H. | EITB

Egunean zehar informazioa eskaintzeaz gainera, albistegiak eta tarte bereziak izango dira ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en.

0:20

Abenduaren 20ko hauteskundeak zuzen-zuzenean eta bertatik bertara jarraitzeko aukera eskainiko du EiTBk, Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria eta eitb.eus-en bidez. Egunean zehar hedabide ezberdinetan berri emateaz gainera, 19:15etik aurrera saio bereziak egingo dira.

Telebistako informazioari dagokionez, 100 pertsona baino gehiagoko lantalde handia mugituko du ETBk, hauteskunde gauak eman dezakeen guztiaren gaineko minutuz minutuko jarraipen zabala egiteko.

ETB2n, Estibaliz Ruiz de Azuak, Africak Baetak eta Xabier Lapitzek gidatuko dute albistegi berezia, 19:15ean hasita. Hauteskunde emaitzekin batera, zuzeneako hainbat konexio, aurretik egindako emaitzen sondeak eta alderdien lehenengo erreakzioak bilduko ditu saioak.

Horrez gain, bi solasaldi mahai izango ditu saioak. Horietako batean Alfredo Retortillo, Juanjo Dominguez eta Felix Arrieta politologoek eta Ana Garbati kazetariak hartuko dute parte. Bestean, berriz, Jokin Bildarratz (EAJ), Iker Casanova (EH Bildu), Natalia Rojo (PSE-EE), Cristina Ruiz (PP), Juantxo Iturria (Podemos) eta Nicolas de Miguel (Ciudadanos) politikariak egongo dira.

Bestalde, ETB1en Xabier Usabiagak eta Maddalen Iriartek gidatuko dute datu esanguratsuz eta hausnarketaz osaturiko programa berezia. Eurekin batera, Asier Blas eta Eider Alkorta politologoak eta Pilar Kaltzada kazetaria egongo dira.

Bi saioetan zuzeneko konexioak tartekatuko dira albistea dagoen leku guztietatik berri emateko. Euskadin, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta Podemos alderdien egoitzetan egongo dira. Espainiako alderdiei dagokienez, PP, PSOE, Podemos eta Ciudadanosen egoitzetan ere zuzeneko konexioak egingo dituzte, eta Katalunian Democracia I Libertaten egoitzan ere izango dira. Horrez gain, Bilboko eta Iruñeko hautesleku batean izango dira, bertan gertatzen denaren berri emanez.

Horrez gain, TNS Demoscopia etxeak EiTBrentzako egin duen sondearen emaitzak eskainiko dituzte bi albistegiek, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, baina horretaz gain, beste erreferentzia nagusi bat izango dute lehen aldiz. Azken urteetan Espainiako hauteskunde emaitzetara gehien hurbildu den herrian egongo dira ETBko albistegiak, abenduak 20ko emaitzen ispilu izan daitekeen jakiteko. Herriko emaitzen kontaketa ere zuzenean egingo dute.

Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoria

TNS Demoscopia etxeak EiTBrentzat egindako inkestaren datuak eskainiz eta horien analisia eginez ekingo diote hauteskunde gau interesgarriari Euskadi Irratian eta Radio Euskadin, Athleticen eta Realaren partidak amaitu ondoren.

Euskadi Irratian Oihane Yustos izango da saioaren gidaria. Berarekin batera, solasaldi mahaiaren inguruan Jose Ramon Beloki, Mikel Aramendi eta Joseba Arruti bilduko dira, emaitzak irten ahala eta hautagaiek hitz egin ahala analisia egiteko.

Radio Euskadin, berriz, Dani Alvarezek gidatuko du saioa. Alboan izango ditu Juanjo Alvarez, Jule Goikoetxea eta Chelo Aparicio solasakideak, datuen analisirako prest. Radio Vitoriak, iluntzeko 20:30ean, Baskoniaren partida amaitu ostean, bat egingo du Radio Euskadiren emankizunarekin.

Zuzeneko hamabi puntutan kazetariak izango dituzte Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak, alderdien egoitzetan gertatzen dena entzuleei zuzenean kontatzeko.

Hauteskunde gaua eitb.eus-en

Hauteskunde gauaren ertz guztiak edukiko ditu eskura eitb.eus-eko erabiltzaileak abenduaren 20an. EiTBko webguneak jarraipen oso zabala egingo dio boto kontaketaria, herriz herri eta lurraldez lurralde emaitzak eskainiz. Telefono mugikorren bidezko nabegazioak boto zenbaketa minutuz minutu jarraitzea ahalbidetuko du, eta grafiko egokituak alde batetik, eta udalerria edo lurraldea zehazteko bilatzailea bestetik, izango ditu.

Horrez gain, datorren 2016ko euskal hauteskundeen emaitzak berdinak izango balira, Eusko Legebiltzarra nola eratuko zen azalduko duen datuen estrapolazioa eskainiko du webguneak.

Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako saio bereziak ere zuzenean ikusi eta entzun ahal izango dira eitb.eus-en bitartez. Horrez gain, hauteskunde gauaren momenturik onenak bideo, audio eta argazkiekin islatuko ditu webguneak, gertatu eta berahala, gertakari guztien materiala bilduz. Minutuz minutuko kontakizun honek, gainera, alderdi politikoen lider eta hautagaiek sare sozialetan izango dituzten erreakzioak ere eskainiko ditu (Facebook, Twitter...).

Gainera, hauteskunde egunean zehar datuak gaurkotzen joango dira une oro, eta bozketaren minutuz minutukoa, eguneko gertakariak eta partaidetza datuak eskainiko ditu eitb.eus-ek.