Itxi

telebista

Udako programazioa

'Pintxo&Pote', 'Hi, Selfie!' eta 'Nor Bere Saltsan', udan, ETBn

Horrez gainera, 'Objetivo Chimborazo', 'Una Historia de Vasconia' eta 'Aitaren Etxea' estreinatuko dira ETB2n, 'A Ver Si No Llueve'ren bigarren denboraldiarekin batera.

1:24
ETBko udako programazioa

Euskal Telebistaren udako programazioa aurkeztu du ostiral honetan Gasteizen Edu Barinaga ETBren zuzendariak. Askotarikoa izango da, eta Euskal Herriko bazter eta kaleek leku garrantzitsua hartuko dute apustu berriotan.

'Pintxo&Pote', 'Hi, Selfie!', 'Nor Bere Saltsan' eta 'Objetivo Chimborazo' saio berriak dakartza udarako programazioak. Horrez gain, 'Una Historia de Vasconia' dokumental saioa eta 'Aitaren Etxea' telesaila estreinatuko dira ETB2n, baita 'A Ver Si No Llueve' arrakastatsuaren bigarren denboraldia ere. Horiek guztiak eta, besteak beste, aktualitatea, zinema, kirolak, jaiak eta emanaldi bereziak izango dira ETBko programazioaren protagonistak udan.

ETBko zuzendariarekin batera, Asier Hormaza, Andoni Agirregomezkorta, Gotzon Mantuliz, Sara Gandara, Ilaski Serrano, Klaudio Landa, Alberto Santana, Alex Pascual eta Estibaliz Ruiz de Azua aurkezleak egon dira horiek aurkezteko ekitaldian.

Hainbat saio berri estreinatu ditu dagoeneko ETB1ek. Horren erakusgarri, asteazkenetan ikusgai dugun 'Pintxo&Pote', Andoni Agirregomezkorta eta Asier Hormazaren eskutik. Bikote horren bidez, Euskal Herrian pintxo-potea egiten duten herririk garrantzitsuenetako batzuk ezagutzeko parada ematen du tarte honek, eta herri horietako giroa eta pertsonaiak hurbiltzen ditu, umorea ardatz.

Ostegun gauetan, berriz, 'Hi, Selfie!' lehiaketa dugu ikusgai. Euskal Herriko toki ezagunenetan Julian Iantzi aurkezleak proposatutako selfieak ahal den ondoen egitea da lehiaketa honen helburua. Astero bi talde ari dira nor baino nor gehiago, 1.000 euroko saria eskuratu nahian.

Uztailaren 4an, berriz, 'Nor Bere Saltsan' saioa estreinatuko da. Bertan, lau pertsona elkartuko dira, kuadrilla bat osatuz, eta udako Euskal Herriko gastronomia lehiaketa garrantzitsuenetan parte hartuko dute. 'Nor Bere Saltsan' kuadrilako partaideak furgoneta hartuko dute eta herriz herri eta festaz festa ibiliko dira helburu zehatz batekin: ondo pasatzea eta gastronomia txapelketak irabaztea.

Jaietako eta udako ikuskizunek ere, toki zabala izango dute. Euskal hiriburuetako jaietan izango dira ETBko kamerak: uztailean, Iruñeko sanferminetan; eta abuztuan, Baionako Bestetan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan, eta Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietan. Ilaski Serrano eta Julian Iantzi izango dira aurkezleak Iruñean, Baionan eta Gasteizen egingo diren saioetan, Donostiakoa zehaztu gabe dago, eta Ilaski Serrano eta Agustin Ezenarro arituko dira Bilbon.

Han-hemenka antolatutako beste hainbat ikuskizun ere eskainiko dira uda osoan zehar. Uztailaren 29an, esaterako, 'Gasteiz Kantuan' grabatuko da. Kantu herrikoien jaialdia Gasteizko Plaza Berrian egingo da, eta Xabier Euzkitzek eta Maria Amolategik aurkeztuko dute. Ikuskizun berezi gehiago ere prestatzen ari dira, eta, besteak beste, sanferminetarako kantu bazkaria antolatzen ari da ETB.

Bestalde, batik bat, txirrindularitzak, pilotak eta arraunak beteko dute ETBren kirol eskaintza. Frantziako Tourra egunero izango da ikusgai uztailaren 2tik aurrera, eta Donostia-Donostia Klasikoa, berriz, uztailaren 30ean, beste txirrindularitza hitzordu batzuen artean. Pilotak ez du etenik izango. Asteburu honetan hasiko den Nafarroako Lau eta erdiko Txapelketaz gain, udako jaialdi eta torneoak eskainiko dira. Estropada denboraldiari jarraipen zehatza egingo zaio, asteroko lehiaketen berri emanez eta proba ezberdinak eskainiz; tartean, Kontxako Bandera. Futbolaren atalean, Alaves, Athletic, Eibar eta Realaren denboraldi-aurreko txapelketei erreparatuko diete.

ETB2n, bestalde, 'Una Historia de Vasconia' dokumental saila estreinatuko da ekainaren 5ean. Euskal Herriko historiaren gaineko ikuspegi kritiko eta eguneratua eskainiko du saioak igandero, eta gertakariak azaltzeko modu berritzaile honek harrituta utziko ditu ikus-entzuleak. Josu Veneroren errealizazioarekin, eta Alberto Santana historialariaren zuzendaritza eta gidaritzapean, ikerketa eta aurkikuntzen munduan barrena bidaia erakargarria egingo du saioak.

Reality berri bat ere izango da ETB2n uztailaren 11tik aurrera, 'Objetivo Chimborazo'. Bertan, Ekuadorrera bidaiatu eta Chimborazo sumendiaren gailurrera igotzeko prest dauden zortzi bikote abenturazale arituko dira nor baino nor gehiago. ETBrekin batera, FORTAko kide diren Aragoi, Gaztela-Mantxa eta Andaluziako telebistetan ere izango da ikusgai, eta autonomia erkidego bakoitzeko bi bikotek hartuko dute parte. ETBren aurkezlea Sara Gandara izango da.

Lehiakideek Ekuadorreko paraje natural zoragarrietan barrena proba ezberdinei egin beharko diete aurre. Besteak beste, Galapago uharteak, Ozeano Pazifikoa, Ekuadorreko Andeak, Amazonas oihana eta Chimborazo sumendia izango dira saioaren agertokiak. Bikote garaileak 12.000 euro irabazteko aukera izango du.

Realityekin jarraituz, 'Safari Wazungu' ere badugu udako programazio honetan. Astelehenero dago ikusgai Gotzon Mantuliz gidari duen saioa. Afrikako inguru ederretan barrena, zortzi lagun ezagunek (Ramon Roteta, Virginia Berasategi, Coman Mitogo, Eduardo Iturralde Gonzalez, Arantza Garces, Begoña Alonso, Yong Li eta Yogurinha Borova) erronka eta desafioei aurre egin beharko diete, beren ausardia eta zailtasunak gainditzeko gaitasuna erakutsiz.

Horrez gain, 'Aitaren Etxea' Pausokak eta ETBk egindako telesaila ikusiko dugu uda honetan ETB2n, ekainaren azken astetik aurrera. 'Aitaren Etxea' euskal itsasertzeko herri batean dago girotuta, 1950. urte inguruan. Bertako herritarrek bat egin eta baldintza gogorretan bizitzen asmatu beharko dute. Nahiz eta telesailaren helburu nagusia ez izan orduko gertaerak zehatz-mehatz kontatzea, garaiko pasadizo asko islatuko ditu. Jabi Elortegik zuzendu duen telesailean, besteak beste, hauek dira protagonista: Loreto Mauleon, Nagore Aranburu , Josean Bengoetxea, Felix Arkarazo, Kandido Uranga, Ander Azurmendi, Anartz Zuazua eta Iñaki Beraetxe.

Iaz arrakasta handia izan zuen 'A Ver Si No Llueve' saioak bigarren denboraldia egingo du uztailaren hasieratik aurrera, leku eta istorio berriak ezagutzera emanez. Euskaldunon oporlekuak eta aisiarako ditugun ohiturak izango ditu ardatz, Euskal Herritik kanpoko bazter eta inguru paregabeak bisitatuz, baina Euskal Herrira oporretan datozenekin ere egongo dira.

Aktualitatearentzat ez da atsedenik izango. Albistegiek goiari eutsiko diote udan ere. Astelehenetik igandera, eguerdian eta iluntzean, azkeneko orduetan gertatu denaren zuzeneko kontakizuna egingo dute 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan.

Halaber, 'Sin Ir Más Lejos' saioak, Klaudio Landak gidatuta, egunean eguneko gai hurbilak aztertuko ditu, eta, ohi legez, kalera irtengo da, udako gertaera eta ekitaldi nabarmenen berri zuzenean emateko. Solasaldirako mahaiak aletuko ditu egunero albiste diren gai garrantzitsuenak.

Felix Linaresen 'La Noche de…' saioak ere ez du etenik izango udan. Gainera, ETBk Sony etxearekin lortutako hitzarmenari esker, film sorta berria izango da ikusgai. Horietako batzuk, oihartzun handiko bi film, bertan estreinatuko dira: After earth, ekainaren 28an, eta Elysium, uztailaren 5ean.

Asteazken gauetan 'Nekane Amaya' ijito abertzalearen eta bere familiaren abenturak jarraituko ditugu. Oraingo honetan, Siorsa alaba ezkontzen saiatzen ari da Nekane Amaya. Maribel Salas, Miriam Cabeza, Javier Anton eta Ane Gabarain aktoreak ditugu peripezia hauen protagonista.