Itxi

telebista

Zuzenean

Korrikaren abiatzea eskainiko du gaur EiTBk

A.E.|EiTB

Euskarazko hedabideen irrati eta telebista saio bateratua izango da Otxandion.

0:20

Korrikaren 20. edizioa abiatuko da gaur Otxandion. 1980. urtean jarri zituen lekuko batek lehen aldiz euskaldunak eta euskaltzaleak korrika, eta 17 urte geroago, hogeigarren edizioan ere, ez dira faltako hasiera horretako emozioa eta grina. Euskarazko hedabideek telebista saio bateratua egitea adostu dute Korrikaren hasieran eta amaieran. "Guztiok biltzen gaituen ekitaldi horren garrantzia aintzat hartuta, ohar hau sinatzen dugun euskarazko hedabideek irteeran eta amaieran, Otxandion eta Iruñean, elkarlanean telebista saio bateratu bana egitea erabaki dugu Korrikak gizartean duen babesaren adierazle", adierazi dute ekimenean parte hartuko duten hedabideek: Berria, EiTB, Goiena, Hamaika Telebista, Kanaldude, Tokikom eta Xaloa Telebista.

"Duela bi urte egin genuen tamaina horretako elkarlana lehen aldiz, Korrika Urepeletik abiatu zenean. Saioak izandako emaitza ona ikusita, Bilboko amaiera ekitaldian berriro egitea erabaki genuen. Lekuko horri helduz, aurten ere berriro elkartuko gara Berria, EiTB, Goiena, Hamaika Telebista, Kanaldude, Tokikom eta Xaloa Telebista elkarlan horretan. Auzolana eta elkarlana dira Korrikaren oinarriak, eta euskarazko komunikabideok gure egiten ditugu euskararen aldeko ekitaldi honetan, herritarrak euskarara batzeko AEK-k egindako gonbidapena onartuz", azaldu dute.

Otxandioko saioa, gaur hasiko da, 16:00etan. Hedabide bakoitzaren webgunean (eitb.eus webgunean, besteak beste) eta ETB1, Hamaika eta Xaloa telebista kateetan eta Tokikom elkartean dauden tokian tokiko telebistetan ikusi ahalko da zuzenean. Ilaski Serrano (ETB) eta Ekhiñe Atorrasagasti (Hamaika Telebista) izango dira aurkezleak, eta beste hedabideetako kazetariak berriemaile lanetan ariko dira. Elkarrizketak eta, batez ere, Otxandioko giroa eskainiko ditu saioak zuzenean. Korrikaren lehen kilometroak ere jarraitu ahal izango dira '20. Korrikaren abiatzea' saioan.

Iruñekoa, berriz, apirilaren 9an izango da, eta hori ere hedabide bakoitzaren webgunean (eitb.eus webgunean ere bai), eta ETB2, Hamaika eta Xaloa telebista kateetan eta Tokikom elkartean dauden tokian tokiko telebistetan ikusi ahal izango da zuzenean, eguerdian. Saio horretan azken kilometroak eta amaiera ekitaldia jarraitu ahal izango dira, eta '20. Korrika amaiera Iruñean' izango du izena.

Korrikaren hasiera eta amaiera EiTB Taldeko irratietan

Euskadi Irratiak Bizkaia Irratia, Euskalerria Irratia, Info Zazpi, Arrosa Sarea eta Euskal Irratiekin elkarlanean emango du hasiera ekitaldia. Aurreko edizioan, telebistarako egin zen saiakera bera egitea erabaki du aurten Korrikak, eta Otxandioko hasierako ekitaldia eta Iruñeko amaierakoa, biak egingo dituzte elkarlanean.

Otxandion, 16:00etatik 17:00etara izango da saioa, lekukoa Otxandiotik irten artekoa. Martxoaren 30ean, emanaldi berezia izango da 'Hiri Gorria' saioaren barruan. Euskadi Irratiko Lander Eizagirre eta Bizkaia Irratiko Ainhoa Larrazabal izango dira horren kontakizuna egiteko arduradunak, jendartean izango diren Info Zazpi eta Euskal Irratiko lankideekin konexioak eginez.

Azken egunean, 'Amarauna' saioaren barruan egingo da emanaldi bateratua. Euskadi Irratiko Gorka Otaegik eta Euskalerria Irratiko Juan Kruz Lakastak egingo dute horren kontakizuna.

Radio Euskadik, irteera egunean, 'Graffiti' berezi bat izango dugu. Galder Perez esatari nagusia bertan izango da, eta Otxandiotik Gasteizera bitarteko bidean konexioak egiten joango da arratsalde osoan zehar, Unitate Mugikorrean. 'Más Que Palabras' saioan, etengabeko konexioak egingo dituzte goiz osoan zehar.

Radio Vitoriak, berriz, gaur, 19:00etan, Korrika Gasteizera iritsiko dela eta, ordubeteko saio berezia egingo du.

Gazteak ere, Korrikaren hasierako eta amaierako egun berezi hauetan, zuzeneko konexioak egingo ditu Otxandiorekin eta Iruñearekin. Halaber, Gaztearen web atarian bilduko dira Korrikaren inguruko EiTBren eduki guztiak eta zuzeneko emankizunak.