telebista
Zuzenean
Aizkolarien Eusko Label sariko finala, gaur, EiTBn
A.A. | EiTB
'Gure Bideoteka' tartean Oinatz Bengoetxea Buruz Buruko txapeldunaren lau partida emango dira.
-
bengoetxea
ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean emango dute gaur Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko den aizkolarien Eusko Label sariko finala. Arratsaldean, 'Gure Bideoteka' tartean, Oinatz Bengoetxea egungo Buruz Buruko txapeldunaren lau partida izango dira ikusgai.
Ibon Gaztañazpik gidatuko du herri kirol emanaldia, 12:00etan hasita. Joxe Etxebeste izango du lagun komentarioetan eta Xabier Andueza eguneko protagonistak elkarrizketatzen.
Urrezko mailan, Aitzol Atutxa, Ugaitz Mugertza, Iker Vicente eta Jon Rekondo izango dira nor baino nor gehiago. Gazte mailan, Joxean Etxeberria eta Oier Kañamares neurtuko dira, eta gaztetxo mailan Ioritz Gisasola 'Zelai III' eta Xuban Kañamares. Azkenik, emakumezko finala jokatuko da Irune Izkue eta Nerea Sorondoren artean.
Bengoetxea VI.a protagonista, 'Gure Bideoteka' saioan
17:00etatik aurrera pilota izango da protagonista, Oinatz Bengoetxea pilotaria zehazki. Leitzarrak irabazitako lau final nagusiak berriro ikusteko aukera izango dugu.
Hasteko, 2008ko buruz buruko txapela lortu zuenekoa, Abel Barriolaren aurka, Donostiako Atano III.enean. Bigarrena, 2015ko Binakako Txapelketako finala izango da, Bizkaia pilotalekuan: Berasaluze II-Zubieta / Bengoetxea VI-Untoria.
Gasteizko Ogueta pilotalekuan lortu zuen Oinatzek lau t'erdiko txapela 2016an, Jokin Altunari irabazita. Eta joan den igandean, buruz buruko txapela jantzi zuen berriz ere, Iker Irribarriari gailendu ostean. Bi partida hauek osatuko dute igande arratsaldeko emankizuna.
Bestalde, 13:00etan, ETB4n eta eitb.eus-en, goizean Santurtzin jokatutako Euskadiko Padel Txapelketaren berri emango du Juanan Legorburuk.