Itxi

telebista

Gasteizko jaiak 2018

Andre Maria Zuriaren jaien jarraipena, EiTBn

EITB

Euskal Telebistak, Radio Vitoriak, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak eta eitb.eus-ek programazio berezia eskainiko dute.

0:20

Nota PDFan

Nota en Word

Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiek tarte zabala izango dute EiTBn. Larunbat honetan hasi eta ostegunera bitartean, Arabako hiriburuan bizi den festa giroaren jarraipena egingo dute Euskal Telebistak, Radio Vitoriak, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak eta eitb.eus-ek.

Euskal Telebistan, Zeledonen jaitsiera izango da festen abiapuntua eta horrekin batera, 'Gasteizko Jaiak 2018' saio bereziek, Andre Mari Zuria pilota torneoko partidek, Ikurrinaren omenaldiak, Txistulari Kontzertu Nagusiak eta Zeledonen Igoerak osatuko dute jaien inguruko eskaintza berezia. Saio eta emanaldi berezi guztiak, zuzenean, eitb.eus-en ere izango dira ikusgai eta Gasteizko jaien inguruko informazio eta datu guztiak bilduko ditu webguneak.

Irratiei dagokienez, Zeledonen jaitsieraren zuzeneko emanaldia eta aste osoan zehar luzatuko den programazio berezia izango du Radio Vitoriak, goiz eta arratsaldez, jai-giroaren eta eguneroko ekitaldien berri emango duten programa bereziekin. Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak ere gertutik jarraituko dituzte Gasteizko jaiak.

ETBn eta eitb.eus-en saio bereziak

Ohi denez, Zeledon San Miguel kanpandorretik jaitsi eta Andre Maria Zuriaren plaza zeharkatzen duenean hasiko dira Gasteizko jaiak. ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute ekitaldia larunbatean, 17:30etik aurrera, Pilar Ruiz de Larrea eta Unai Ugarte kazetarien kontakizunarekin. Iñaki Elorzak eta Maite Eskarmendik kaleko giroaren berri emango dute, bertaratutako herritarrekin eta gonbidatu bereziekin hitz eginez. Ondoren, Arabako paraje, historia eta ondare kulturalean barrena murgilduko gaituen 'Álava, una luz interior' dokumentala eskainiko du ETB2k.

Larunbat eta igandean, gainera, Ilaski Serranok aurkeztuko dituen 'Gasteizko Jaiak 2018' saio bereziak izango dira ikusgai ETB1en, 21:00etan. Larunbatean, Zeledonen jaitsieraren eta jaien lehen eguneko giroaren berri emango du saioak eta Gorka Ortiz de Urbina Zeledon izango dute gonbidatu berezi.

Halaber, igandeko 'Gaiztezko Jaiak 2018' saio bereziak Ama Zuria eguneko jai giroaren berri emango du. Besteak beste, lore eskaintza, Gasteizko Zortzikoa eta egunak utziko dituen irudirik onenak eskainiko ditu. Ondoren, Ikurrinari Omenaldia saioa eskainiko du ETB1ek, urtero udaletxeko plaza berrian egiten den Ikurrinaren omenaldiaren ikuskizunaren emanaldia, hain zuzen ere. Algara dantza taldearen eskutik, hainbat euskal dantza ikusiko dira, txistu, txirula, trikiti eta gaiten doinuekin. Guztira, 150 dantzaritik gora bilduko da plaza berrian, eta denen artean, ikurrina omenduko dute.

Ostegunean, abuztuaren 9an, Gasteizko Txistulari Kontzertua izango da ikusgai, Euskal Herriko Txistulariak, Udal Folklore Akademia eta Indarra Dantza Taldearen eskutik. Musika eta dantza emanaldia igandean grabatuko da Aihotz plazan, eta ostegunean izango da ETB1en ikusgai, 23:30etik aurrera. Txistulari Kontzertuaren ondoren, jaiei amaiera emango dien Zeledonen Igoera eskainiko du ETB1ek, 00:30etik aurrera, Ilaski Serranoren kontakizunarekin.

Horrez gain, Andre Mari Zuria Pilota torneoaren emanaldiak eskainiko dituzte ETB1ek eta eitb.eus-ek Gasteizko Ogueta pilotalekutik. Ezkudia- Rezusta/ Artola- Larunbe bikoteen arteko finalerdia izango da ikusgai astelehen gauean, eta Altuna III- Zabaleta/ Olaizola II- Albisu bikoteen artekoa, asteartean. Ostegun arratsaldean jokatuko dute bikote irabazleek torneoko finala. Igandean, gainera, Buruz Buruko finalaren errebantxa jokatuko da, Altuna III eta Olaizola II.ren artean.

Emanaldi guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira eitb.eus-en, eta bertan, Andre Maria Zuriaren jaien inguruko albiste, argazki, bideo eta egitarau osoa kontsultatzeko aukera izango da.

Programazio berezia EiTBko irratietan

Urtero bezala, jarraipen berezia egingo du Radio Vitoriak eta egunero, jaien azken orduaren berri emango duten saio bereziak eskainiko ditu.

Larunbatean, 17:00etatik hasita, Joseba Fiestras eta Arantza Lalinde kazetariek gidatutako 'Ongi Etorri Zeledon' saio bereziak Zeledonen jaitsiera zuzenean eskainiko du. 23:00ak bitartean arituko dira egunak emango duen jai-giroaren eta ekitaldi ezberdinen berri emanez, eta eguneko protagonistekin elkarrizketak izango dituzte.

Igandean, festen egun handian, goizeko 6:30ean hasita, Arrosarioaren Egunsentiko Prozesioaren eta ondorengo mezaren kontakizuna egingo dute. Ondoren, goizeko 09:00etatik 14:00etara, Elena Zudairek eta Unai Ugartek 'Jaietan' saioa eskainiko dute Andre Mari Zuriaren plazatik zuzenean. Besteak beste, dianak, lore eskaintza, Gasteizko zortzikoa, bertsolariak eta jai-giroaren berri emango dute. Arratsaldean, Joseba Fiestrasek eta Arantza Lalindek hartuko dute saio bereziaren gidaritza, Andre Mari Zuriaren plazatik zuzenean, 17:00etatik 20:00etara.

Astelehenetik ostegunera, abuztuaren 6tik 9ra, egunero, Elena Zudaire eta Josune Vélez de Mendizabal kazetariek aurkeztuko dute goizeko 'Jaietan' saio berezia goizeko12:00etatik 14:00etara. Neska Txiki eta Zeledon Txikiren jaitsieraren (abuztuak 7) eta Beteranoaren Egunaren (abuztuak 8) berri emango dute, besteak beste.

Halaber, arratsaldero, igandean hasi eta ostegunera arte, Joseba Fiestrasek eta Arantza Lalindek izango dute 'Jaietan' saio bereziaren ardura, 17:00etatik 20:00etara.

Ostegun gauean gainera, jaiei amaiera emango dien 'Agur Zeledon' saio berezia eskainiko dute Fiestrasek eta Lalindek. Gauerdian hasi eta 01:30ak arte luzatuko den saio bereziak zuzenean eskainiko du Zeledonen igoera eta agur esango die Gasteizko jaiei.

Aipatzekoa da, bestalde, Radio Vitoriak parte hartuko duela, urtero bezala, su artifizialen lehiaketaren antolaketan, eta blusa eta neska elkarteek antolatutako hainbat ekitalditan: fototxiki, Zoroaken Mario Kart zirkuitoan, Haurren Gynkana Handian eta Bereziak taldearen sukalde lehiaketan, besteak beste.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere zuzenean emango dute Zeledonen jaitsiera. Radio Euskadik Radio Vitoriarekin bat eginez, eta Euskadi Irratiak Aitor Perez eta Zuriñe Etxeberriaren kontakizunarekin, 'Hiru erregeen mahaia' saioaren baitan.

Radio Euskadin gainera, ataltxo propioa izango dute Gasteizko jaiek, 'Entre Calles' eta 'Graffiti' saioetan, Aitor Perez kazetariaren kontakizunarekin. Halaber, Euskadi Irratiako 'Blai' saioak jaien inguruko atal berezia eskainiko du egunero, honako hau ere, Aitor Perezen eskutik.