Itxi

telebista

Kirolak zuzenean

Super Amara Bera-Bera vs Zuazo Barakaldo, gaur, zuzenean, EiTBn

EiTB

Italiako Giroko 2. etapa eta Logroñoko pilota jaialdia ere zuzenean eskainiko dira.

  • Super Amara Bera Bera.

    Super Amara Bera Bera. Argazkia: EITB

Gaur, 12:00etan, Iberdrola Guerreras eskubaloi ligako Super Amara Bera-Bera vs Zuazo Barakaldo partida izango du ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Jon Ander Gorospek egingo du zuzeneko kontakizuna, Maialen Ziarsolo lagun duela, eta Ane Muruamendiarazek egingo ditu elkarrizketak.

Aurretik, 11:00etan, herri kirolen tartea zabalduko dute, aurreko astean Adunan jokatutako Gorostidi Harria eskaintzeko. Ibon Gaztañazpi izango da esataria.

13:30etik aurrera, Euskal Telebistak eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute, Donostiatik, Realaren ongietorri beroa.

Sara Gandararen eta Juanan Larrañagaren eskutik, talde talde txuri-urdinaren harrera ikusteko aukera izango da ETB1en (13:30etik 14:15era), ETB4n (14:00etatik aurrera) eta, etenik gabe, eitb.eus atarian. Donostiako kaleetan barrena, zaleen aurrean erakutsiko dute Kopa txapeldunek, eta Udaletxea eta Gipuzkoako Aldundia ere bisitatuko dituzte. Granadan bizitako unerik onenak ere eskainiko ditu EiTBk saio berezi horretan.

Izan ere, Realak Erreginaren Kopa irabazi du larunbat honetan Granadako Carmenes zelaian Atletico Madrili 1 eta2 irabazita, txapelketako final handian. Historiako lehen titulua da donostiarrentzat.

Txirrindularitza eta pilota

15:00etan, Italiako Giroaren emankizuna hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en. Bolonia eta Fucecchio artean jokatuko den 2. etapak Castiglione dei Pepolitik Apeninoak zeharkatuko ditu, tartean Castra / Montalbanoko eta San Barontoko igoerak direlarik. Fermin Aramendik, Alfontso Arroiok, Xabier Usabiagak eta Alessandro Rutak ekarriko dizkigute lasterketaren xehetasunak.

Txirrindularitzaren ostean, 17:30ean, 'ETB Kantxa' saioa hasiko da Logroñoko Adarraga pilotalekutik. Hiru partida jokatuko dira bertan: Retegi Bi - Martija vs Jaka - Ruiz, Elordi vs Zabala (Buruz Buruko Promozio Txapelketa) eta Mendizabal III.a - Garmendia vs Ugalde - Etxebarria. Xabier Euzkitze, Joxean Tolosa eta Elena Azpeitia izango ditugu berriemaile pilotalekutik.