telebista
Zuzenean
Realari ongietorria, 13:30etik aurrera, ETBn eta eitb.eus-en
eitb.eus
Euskal Telebistak eta eitb.eus-k zuzenean eskainiko dute talde txuri-urdinari egingo zaion harrera beroa, Donostiatik. Udaletxeko balkoitik zaleei eskainiko die irabazi berri duten Erreginaren Kopa.
-
Realak Erreginaren Kopa irabazi du. (Argazkia: EFE)
13:30etik aurrera, Euskal Telebistak eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute, Donostiatik, Realaren ongietorri beroa.
Udaletxean egingo diete harrera jokalariei, atzo Granadan Erreginaren Kopa irabazi eta gero. 13:30ak aldera Alderdi Ederrera ematen duen udaletxeko balkoira irtengo dira eta zaleei eskainiko diete Kopa.
Aurrez, Foru Jauregian ere ongietorria egingo diete Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak.
Sara Gandararen eta Juanan Larrañagaren eskutik, talde talde txuri-urdinari egingo zaion harrera ikusteko aukera izango da ETB1en (13:30etik 14:15era), ETB4n (14:00etatik aurrera) eta, etenik gabe, eitb.eus atarian.
Donostiako kaleetan egingo duten ibilaldia erakutsiko du EiTBk eta bart Granadan bizitako unerik onenak ere eskainiko dira saio berezi honetan.
Izan ere, Realak Erreginaren Kopa irabazi du larunbat honetan Granadako Carmenes zelaian Atletico Madrili 1 eta2 irabazita, txapelketako final handian. Historiako lehen titulua da donostiarrentzat.
Kirolez blai, ETBn eta eitb.eus-en
Realaren harreraz gain, 12:00etan, Iberdrola Guerreras eskubaloi ligako Super Amara Bera-Bera vs Zuazo Barakaldo partida izango du ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Jon Ander Gorospek egingo du zuzeneko kontakizuna, Maialen Ziarsolo lagun duela, eta Ane Muruamendiarazek egingo ditu elkarrizketak.
Aurretik, 11:00etan, herri kirolen tartea zabalduko dute, aurreko astean Adunan jokatutako Gorostidi Harria eskaintzeko. Ibon Gaztañazpi izango da esataria.
15:00etan, Italiako Giroaren emankizuna hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en. Bolonia eta Fucecchio artean jokatuko den 2. etapak Castiglione dei Pepolitik Apeninoak zeharkatuko ditu, tartean Castra / Montalbanoko eta San Barontoko igoerak direlarik. Fermin Aramendik, Alfontso Arroiok, Xabier Usabiagak eta Alessandro Rutak ekarriko dizkigute lasterketaren xehetasunak.
Txirrindularitzaren ostean, 17:30ean, 'ETB Kantxa' saioa hasiko da Logroñoko Adarraga pilotalekutik. Hiru partida jokatuko dira bertan: Retegi Bi - Martija vs Jaka - Ruiz, Elordi vs. Zabala (Buruz Buruko Promozio Txapelketa) eta Mendizabal III.a - Garmendia vs Ugalde - Etxebarria. Xabier Euzkitze, Joxean Tolosa eta Elena Azpeitia izango ditugu berriemaile pilotalekutik.