Itxi

Reala

Erreginaren Kopako finala

Txapeldunak!

eitb.eus

Realak bere historiako lehen titulua irabazi du Atletico Madrilen kontra Granadan jokatutako final handian, 1-2 mendean hartuta.

1:18
Realeko jokalariak eta Arconada entrenatzailea, Koparekin

Realak Erreginaren Kopa irabazi dio Granadako Carmenes zelaian Atletico Madrili 1 eta 2 irabazita, txapelketako final handian. Historiako lehen titulua da donostiarrentzat.

Realak, gainera, partida irauli du, madrildarrak aurretik jarri baitira markagailuan Esther Gonzalezek 15. minutuan egindako golari esker. Baina, Kiana Palaciosek eta Nahikari Garciak emaitzari buelta eman diote.

Atleticok hobeto hasi du partida, eta baloiaren jabetza zuri-gorriena izan da. Nagusiatsun horrek eragina izan du markagailuan, Esther Gonzalezek 1 eta 0ekoa egin duenean. Gonzalez izan zen, hain zuzen, gipuzkoarren borreroa maiatzaren 5ean Zubietan jokatutako Liga partidan. Atleticoko jokalariak hiru gol egin zizkion Realari egun hartan.

Baina Gonzalo Arconadaren jokalariek ez dute amore eman, aurrean talde indartsua (Ligako txapelduna) izan duten arren. Kiara Palaciosek jaurtiketa egin du urrutitik, indar handirik gabe, baina Lola Gallardo atezainak sekulako hutsa egin du eta baloia ate barruan sartu da. Bana markagailuan, partidako 19. minutuan.

Hasiera zirraragarri horren ostean, Realak hobera egin du defentsan eta arriskua sortu du kontraerasoan, Atleticok atzean utzitako hutsak aprobetxatuz. Hori dela eta, bi taldeek ez diote elkarri begirik kendu atsedenaldira iritsi arte. Argi izan dute partida irabazteko hasierako estrategia aldatu behar zutela.

Baina, Sanchez Vera entrenatzailearen neskek ez dute euren eguna izan, eta aukera argiak alferrik galdu dituzte Maria Quiñonesen aurrean. Eta ez hori bakarrik, bigarren gola hartu dute, arriskurik ez zuen jokaldi batean, 61. minutuan. Palaciosek baloi bat erdiratu du, Leire Bañosek buruarekin ukitu eta Nahikarik madrildarren atean sartu du.

Gol horri esker, Realak bere historiako lehen titulua irabazi du, finala merezimendu osoz irabazita.


Fitxa teknikoa


1-.ATLETICO DE MADRIL: Gallardo; Robles (Calligaris, 79. min), Aleixandri, Tounkara, Menayo (Falcón, 70. min); Meseguer (Olga García, 87. min), Ángela Sosa; Esther (Dolores, 90. min), Sampedro, Hermoso; eta Ludmila.


2-.REALA: Quiñones; Iraia, Mendoza, Etxezarreta, Beltrán (Soldevila, 79. min); Baños, Chini, Eizagirre (Bautista, 87. min), Cardona (Manu, 70. min); Palacios (Olaizola, 78. min) eta Nahikari.


Golak: 1-0, 15. min: Esther, 1-1, 19. min: Palacios, 1-2, 61. min: Nahikari.