telebista
'El Conquis'en 19. atala
Leirek burua gora esan du agur eta Lopak min hartuta utzi du saioa
EiTB
Luisito, Leti San eta Maider immunitate jokoan gailendu dira. Asierrek erakustaldia egin du dueluan, beste behin, Ibai eta Leire atzean utzita.
-
Leire eta Lopa. Argazkia: EiTB
"El Conquistador del Pacífico" saioaren 19. atalean Leirek esan dio agur abenturari, eta Ibai izuturik itzuli da kanpamentura, bere burua arriskuan ikusi ostean. Estrategia bikain atera zaio, baina hernaniarrak ez dio jokoa erraz utzi Zallakoari, eta zer esan Asierrek egin duen erakustaldiaz? Gallartakoa konkistatzailegai argia da, orain arte baten bat konturatu ez bada ere.
Kakoen duelu zorrotzak onena ematera behartu ditu lehiakideak, eta zuten energia apurra agortu dute. Laguntzaileek ere asko sufritu dute erronkan, batez ere Lekuek; izan ere, Leireren jaurtiketa batek buruan eman dio, eta kontusio handi batekin itzuli da kanpamentura.
Abentura tregoarik gabeko fase batean sartu da. Mangladiko bizitza espero baino gogorragoa izaten ari da, eta, klima euritsuaren ondorioz, gauak oso txarrak izaten ari dira. Ia atsedenik hartu gabe eta estrategiek sortzen dituzten tentsioen ostean, hirukoteak osatu ostean, abenturazaleak nekatuta iritsi dira immunitate jokora.
Halabeharrez, kasualitatean sinesten badute, hiru "izurritsuek" (Luisito, Leti San eta Maider) hirukotea osatu dute. Beste aldean zeuden ukiezinetako hiru: Krasi, Ibai eta Iker. Gorriek, berriz, bi talde sortu dituzte: Ianire, Leire eta Caballo daude batean, eta Asier, Jontxu eta Lekue, bestean. Beraz, azken hirukotea Esko, Luna eta Lopa berdeek osatu dute.
Usteak uste, azkenean erronkan erabakitzen da nor den indartsua eta nor ez den hain indartsua, eta itsas hondoan perlak biltzen onenak Maider, Leti eta Luisito izan dira; garaipena lortu dute gainerako hirukoteak gainditu ostean.
Krasi bi aldiz baino ez da izan gai itsas hondoraino murgiltzeko, eta hirukote indartsuaren porrota eragin du; ondorioz, hiruretako bat izango da duelura joaten lehena, eta ez da Krasi izango.
Lopa ere ez da onik atera; saioa utzi behar izan du hankan min hartu ostean. Bilbotarraren agurra kolpe latza izan da berdeentzat; haren lagun handiarentzat (Lekue) gehienbat.
Bileran ez da ezustekorik izan, eta Leirerentzat izan da duelurako bigarren txartela, baina berdeen erabakiak hirukote irabazlea haserretu du. Kanpamentura itzulitakoan, Asier bidali dute duelura Luisitok, Letik eta Maiderrek, baina nabarmenena ez da hori izan, Luisitok bileran gertatutakoaren berri izan duenean erakutsi duen haserrea baino.
Badirudi emakumeak itunak egiten has daitezkeela, eta Luisitok iraultzaren buru izan nahi du.
Ez galdu "El Conquistador del Pacífico", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.