Itxi

telebista

22:30ean

'Txillardegi'ri buruzko 'Euskara Batua zertan den' dokumentala, gaur, ETB1en

EITB MEDIA

Jose Luis Alvarez Enparantza, "Txillardegi" zenaren istorioan murgilduko da Xabier Madariagak gidatutako saioa, idazlearen hurbileko pertsonekin batera.

0:31
Txillardegi

Gaur gauean, Euskara batua zertan den dokumentala eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Xabier Madariagak gidatutako lan bereziak Jose Luis Alvarez Enparantza zenaren istorioa du ardatz, "Txillardegi"rena. Enekak, "Txillardegi"ren bilobak, bidaia berezi bat egingo du bere aitonaren izaera eta ibilbidea hobeto ezagutzeko.

Enekak aitonaren pausoei jarraitu egin die eta bera izan zen euskal filologian matrikulatu izanaren arrazoia. Izan ere, "Txillardegi"k Baionako bilkurak gidatu zituela, euskara batuaren sorrera ahalbidetu zutenak. Askoren arabera, bera izan da hain zuzen ere euskara batuaren aita.

Idazle gisa ere entzutetsua zen. Leturiaren egunkari ezkutua eleberriarekin aro modernora ekarri zuen euskal eleberrigintza.

"Txillardegi"ren izaera politikoak, ordea, hizkuntzalari handiarena estali zuen, bizitza osoa euskara sendotzen eman zuen idazle emankorrarena. Izan ere, ETAren sortzaileetako bat ere izan zen.

Hori guztia hainbat aditurekin eta idazlearen irudia hurbiletik ezagutu zuten pertsonekin aztertuko du dokumentalak. Besteak beste, Jean-Louis Davant, Baionako bilkuretan "Txillardegi"rekin lan egin zuen pertsonetako bat; Xabier Amuriza, euskara batuan aritu zen lehen bertsolaria; Miren Rubio, kazetaria eta idazlearen biografoa; Pako Sodupe, euskal filologoa eta, noski, Joseba Álvarez ("Txillardegi"ren semea eta Enekaren aita).

Euskara batua zertan den dokumentala gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.